GARA > Idatzia > > Kultura

Orbetar anbiziotsuen istorioa dakar Irigoienek bere trilogiaren lehen alean

Orbetarren sagaren proiektu mardula du esku artean Joan Mari Irigoien Donostiako idazleak. Atzo lehen atala aurkeztu zuen: «Bestea da mundua» (Elkar). Eleberri honetan Orbe familiaren hastapenak kontatzen ditu: protagonistak Nazario eta Regina senar-emazteak dira, baserriko xumetasuna arbuiatu, eta markesen bizimoduari begira daudenak.

p040_f01_199x112.jpg

Kristina MARTIN | DONOSTIA

«Bestea da mundua» (Elkar) eleberriarekin itzuli da Joan Mari Irigoien sei urteren ostean. Ez da, gainera, nolanahiko itzulera, liburu berria «Orbetarrak» hiruko sagaren lehen alea baita. Euskal familia baten gorabeherak kontatzeko ideia sortu zitzaionean, liburu bakar batean jasotzeko asmoa zuen, baina pertsonaiak garatu ahala, leku gehiago merezi zutela erabaki zuen.

Lehenengo alean Orbe familiaren istorioaren hastapenak kontatzen ditu. XIX. eta XX. mende hasieran dago girotuta, industrializazioa Euskal Herria iritsi zen garaian. «Bigarren Karlistaldiaren porrot giroak dakarren sinesmen eta bizimoduaren aldaketarekin abiatzen da», azaldu zuen Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak.

Nazario Orbe eta Regina Aldasoro senar-emazteak dira eleberriko protagonistak. Herrixka batean bizi dira, baina beren bizimodu xumea ez dute gustuko eta «handien» bizimoduari begira daude.

«Bestea da mundua» izenburua bera oso esanguratsua da, eleberriaren izpiritua bikain islatzen duelako. «Regina herri txiki batean bizi da, gaztelaniaz ere ez daki, eta markesak herrira datozenean, haien bizimoduak, haien janzkerak liluratuta, beraien mundu handi hori beretzat nahi du», esan zuen liburuaren egileak. Azkenean, euskara baztertu, herrixka utzi eta Madrilera doa Villalbako markesen jauregiko neskame.

Nazario ere handinahiaren atzaparretan erortzen da. Baserrian bizi da baina ondoko herriko lantegia ikusi eta hori nahi du. «Lanaren lanez eta zapaldu beharrekoak zapalduz, bere inperio ekonomikoa eraikitzea lortzen du», azaldu zuen.

Senar-emazteekin batera, Ernestina Reginaren ahizpa pertsonaia mamitsua agertzen da. Klausurako komentuko moja da, baina bere ahizpak ez bezala, ez du itxurakeria gustuko. Era berean, Regina eta Nazarioren sei seme-alaben gorabeherak agertzen dira nobelan.

Pertsonaien alderdi psikologikoa sakon lantzen du idazle donostiarrak. Horretarako, Fiodor Dostoyevski idazle errusiarraren «Krimen eta zigorra» nobela ezaguna hartu du erreferentzia. «Arimaren ezkutalekuak berak bezala ezagutzen dituen pertsona gutxi izango da. Dostoyevski maisu izan zen horretan», iritzi zion Irigoienek.

Erlijioari buruzko ikuspegiak

«Bizitzaz, heriotzaz, Jainkoaz, ateismoaz, sentimenduez eta pertsonak bizi gaituen indar ezkutuez hitz egiten dut», adierazi zuen. Erlijioak, adibidez, garrantzi handia du Orbetarren etxean, «Euskal Herriko garai hartako familia askotan Eliza eta Jainkoa erdigunea ere bazelako». Hala ere, erlijioaren eragina bestelakoa izan ohi da bigarren belaunaldian, «seme-alaba batzuek era tradizionalean sinesten dute, baina beste batzuek beste interpretazio bat aurkitzen dute, eta beste bat, ordea, ateo sutsua da», erantsi zuen.

Erlijioa ulertzeko modu desberdinok izango dira, hain zuzen, trilogiaren hirugarren alearen ardatz. «Orbetarren bi anaien arteko gutun trukea da. Bata, Arantzazuko frantziskotarra, eta bestea, ateoa. Biek familiaren istorioa eta norberaren barruko sentipenak kontatzen dituzte beren ikuspuntutik».

Bigarren liburuan, ostera, seme-alaben bizitzaren gorabeherak azalduko dira. Horiek «handikien munduan» bizi dira, Donostiako jauregi batean. Orduan, baina, zazpigarren semea izango dute Nazariok eta Reginak. «Anormala, munstroa da. Sinbolikoa da, guztiok ditugulako gure munstroak, eta beren artekoa den munstro horren aurrean zer jarrera hartzen duten aztertu nahi nuen», aurreratu zuen Irigoienek.

«Bestea da mundua» eleberriak berrikuntzak dakartza Irigoienen aurreko lanen aldean. Idazkerari dagokionez, XIX. mendeko hizkera erabiltzen du eta idazkera «exijentea, baina ulergarria» da, ohartarazi zuen idazleak. Beste berrikuntza bat pertsonaien trataera da. «Muturrerainoko introspekzio psikologikoa» dago, «ez nobelaren orri guztietan, baina bai une jakin batzuetan», gaineratu zuen Irigoienek.

«HANDIEI» BEGIRA

Regina eta Nazario senar-emazteak Euskal Herriko herrixka batean bizi dira, baina biak «handien» bizimoduari begira daude eta edozertarako prest daude maila horretara iristeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo