Nafarroako atxilotuen senideen beldurra eta samina babesgabetasunaren aurrean
Beldurra eta lotsa agertu zituzten atzo azken bi asteotan Nafarroan Guardia Zibilak atxilotu dituen lagunen senideek. Izan ere, beldurgarriak dira Nafarroako atxiloketa horiek hasi zirenetik egunak igaro ahala ezagutuz joan diren gertakarien testigantzak. Atxilotuen testigantza horiek lazgarriak izan dira, eta gauza bera atzo senideek emandakoak: Noe Lopez ospitalean zegoela guardia zibilek sendagileen eta erizainen lana oztopatu eta gaztea lehenbaileen handik ateratzeko presionatu zituztela; Maider Caminori eta Maitane Intxaurragari Iruñean eta Madrilen emandako tratu gogorra; aurreko egunetan zabaldutako tortura testigantzak, Alberto Lopez inork jakin gabe bost egunez atxilo eduki izana... benetan beldurgarria. Hala ere, horren guztiaren aurrean Hego Euskal Herriko instituzioek zer esanik ez izatea, Zuzenbide estatua gurtzen omen duten alderdi politikoen ezaxola, hedabide gehienen bertsio ofizial hutsak... lotsatzeko modukoak dira eta atxilotuen senideek sumatu duten «gizartearen anestesiatze» horrekin zerikusi handia dute. Guztiz ulergarriak, beraz, senide horien sentimenduak, beren babesgabetasunetik adieraziak.