GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Sokatira Lur Gaineko Munduko Txapelketa

Goiherrik urrezko domina eskuratu du 560 kilotan

Bizkaitarrek erabateko nagusitasuna erakutsi zuten, proba guztiak irabaziz

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Goiherrik Euskal Herriko Txapelketan erakutsitako guztia baieztatu zuen atzo, 560 kiloko Munduko Txapelketa irabazi baitzuen Suedian. Txapela lortzeko aukera handiak zituztela iragartzen zen, eta berdeek ez zuten hutsik egin.

Hiru euskal talde joan dira munduko txapelketara eta horietatik bi, Goiherri eta Gaztedi, lehiatu ziren 560 kilotan. Biak zituzten itxaropen handiak, baina azkenean Erandiokoek lortu zuten garaipena.

Hamasei talde lehiatu ziren, zortziko bi multzotan banatuta. Goiherri jaun eta jabe izan zen berean, eta aise lortu zuen finalerdietan sartzea. Gaztedik esku-eskuan izan zuen finaleko atarian sartzeko eskubidea, baina azkenean ezin izan zuen lortu, eta finalerdietatik at geratu behar izan zuen.

Finalerdietan ere Goiherrik ez zuen eragozpenik izan Garagh Ipar Irlandako taldea menderatzeko; hala, bide batez, domina bat segurtatu zuen. Azken saioan, berriz, Sandshurst talde ingelesa izan zuten aurrez aurre bizkaitarrek eta horiei ere erraz irabazi zieten. Horrenbestez, urrezko dominak Erandiorako bidea hartu zuen.

Hirugarren posturako deman, aldiz, irlandarren arteko lehia izan zen. Bertan, Killylough Irlandako taldeak Garagh Ipar Irlandako taldeari irabazi zion, brontzezko domina eskuratuz.

Atzo lortutako urrezko domina ez da lehena Erandiokoentzat. Izan ere, Goiherrik azkeneko aldiz Munduko Txapelketan parte hartu zuenean, 2004. urtean alegia, urrezkoa eskuratu zuen pisu berean.

Berdeek sekulako denboraldia egin dute, Euskal Herriko txapel guztiak lortu ostean atzo Munduko Txapelketako urrezko domina jantzi baitzuten. Gaurkoan egiten dutena eginda ere, bizkaitarren denboraldia txapela kentzeko modukoa izan da.

Gaztedik ere ez zuen lan txarra egin. Oso gertu izan zituen finalerdiak, baina azkenean ezin izan zuen sailkatu. Zorte apur bat ere falta izan zitzaien.

Getxok, berriz, 680 kilotan neurtu zituen indarrak. Aldiz, bizkaitarrek ezin izan zuten lehen fasea gainditu. Hasi aurretik ere garbi utzi zuten helburu nagusia ikastea eta eskarmentua hartzea zela, eta horretan ari dira txapelketa honetan.

Gaurko jardunaldian, berriz, euskaldunak 640 kilotan lehiatuko dira. Goiherrik bi talde zelairatuko ditu eta bana, berriz, Gaztedik eta Getxok. Maila honetan zailagoa izango da euskaldunek zerbait egitea. Gaztedik, adibidez, garbi utzi du oso zaila izango dela zerbait lortzea, pisura ere ez baitira heltzen. Getxok ere bere lana egin nahi du, presiorik gabe. Goiherrik, aldiz, lehen hiru postuetan amaitu nahi du aurkezten dituen bi taldeetako batekin. Lortzen badu, sekulako balentria izango litzateke eta oroimenean gordetzeko denboraldia borobilduko luke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo