GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora

Bost aizkolari lehiatuko dira Gipuzkoako finalean

J.L. | DONOSTIA

Bost aizkolari lehiatuko dira bihar arratsaldean, seietatik aurrera, Donostiako Trinitate enparantzan jokatuko den Gipuzkoako Aizkolari Txapelketako finalean.

Normalean sei izaten dira, baina aurtengoan bost izango dira: Peñagarikanok aizkora utzi du eta Otaño zigortuta dago. Beraz, bostekin egin du aurrera txapelketak. Lehian arituko diren bost aizkolariak honakoak dira: Olasagasti, Azurmendi, Txapartegi, Mugertza eta Lasa. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko moztu beharko ditu. Euskal Herriko Txapelketako finalean baino bi oinbiko gutxiago izango dira norgehiagoka honetan.

Faboritoak aipatzerakoan, Joxemari Olasagasti nabarmendu behar da. Igeldokoa da zaleen artean faborito nagusia. Besteak, hala ere, saiatuko dira bera estutzen. Iñaki Azurmendik ere badaki txapela janztea zer den. Txapartegi, aldiz, bigarren sailkatu zen aurtengo Euskal Herriko Lehen Mailako Txapelketako kanporaketan. Fausto Mugertzak ere berea egingo du, eta bere lana kontuan hartu beharko da.

Jexuxmari Lasarentzat, berriz, lehen finala izango da. Iaz jantzi zuen Bigarren Mailako txapela, eta aurten herrialdeko onenekin batera lehiatzeko aukera izango du. Bere helburu nagusia lan ona egitea izango da.

Asteburu honetan izango den aizkora saio bakarra ez da izango biharkoa, etzi Oitzen Nafarroako Hirugarren Mailako finala jokatuko baita. Bost aizkolari neurtuko dira eta, dudarik gabe, faborito nagusia Patxi Mindegia da. Zubietako aizkolariak aise irabazi zuen kanporaketa, eta orain Arriaren aurkako apustua prestatzen ari dela kontutan hartuta, txapela lortzeko faborito nagusia izango da. Lana ere beretzat oso aproposa da: bi kana-erdiko eta bi 45 ontzako erdibitu beharko dituzte. Mindegiarekin batera, Saralegi, Kañamares III.a, Castro eta Ohian Larretxea ariko dira.

Leku berean, Agite aizkolari beteranoa ere izango da, errekor saiakera bat egiteko asmoarekin. Azpeitiko aizkolari beteranoak, kanako enbor bat moztu nahi du bost metroko altueran.

Gainontzeko txapelketak

Trontzan, Arabako finala jokatuko da Aiarako San Vitores mendixkan, 18.00etatik aurrera. Bertan, Velez de Mendizabal-Lopez, Olabarria-Zubiaga eta Martinez de Gereñu-Beobide lehiatuko dira. Biko bakoitzak 60 ontzakoari zazpi epai eman beharko dizkio etzanda, sei epai zutik kana-erdiko bati eta beste zazpi etzanda 60 ontzakoari.

Orga-jokoan Euskal Herriko finala jokatuko da bihar, 18.00etatik aurrera, Mutrikuko plazan. Bertan, Goikoetxea, Urreisti, Martiartu, Perez, Lapazaran, Fernandez de Retana, Saez de Castillo eta Larronde ariko dira.

Nafarroako Herriz Herriko Txapelketako finala jokatuko da Arraiozen bihar, 19.00etatik aurrera. Hainbat proba izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo