Carlota Ortuzarren hilketa salatuko dute gaur kalean
Carlota Ortuzarren hilketa salatu eta gisa honetako gertaerak berriz gerta ez daitezela eskatzeko elkarretaratze ugari egingo dituzte gaur, batean zein bestean. Kasu horren gaineko datu berririk ez da zabaldu, nahiz eta ikertzaileek lanean jarraitu. Bilgune Feministak instituzioek duten ardura nabarmendu du, eta «sexuen arteko hierarkian oinarritutako sistema sozialaren» aldaketa oinarrizkoa dela ohartarazi du.
Maider EIZMENDI |
Datu berririk ez dago, eta, gainera kasuak ez du aurrera egingo erasotzaileak bere buruaz beste egin zuelako; baina, argi dago jada indarkeria sexistak urtea hasi denetik eragin duen laugarren hildakoa izan dela Carlota Ortuzar, Tatiele de Sousa Nagore Laffage eta Estibaliz Anguloren ondotik.
Azken eraso honen aurrean, beste behin hainbat mobilizazio eta elkarretaratze antolatu ditu gaurko Emakumeen Mundu Martxarako Plataformak.
Bestalde, Urruñan, emakumea hilda agertu zen herrian, bihar eguerdian egingo dute elkarretaratzea, 11.00etan, «Bortizkeria sexistarik ez! Krimen sexisten aurka!» leloarekin eta Bortizkeriaren Kontrako Emakumearen Kolektiboak deituta.
Euskal Herriko Bilgune Feministak gogor salatu du hilketa hau, baita uda honetan bertan gertatu diren beste biak ere. «Zoritxarrez aurtengo udan hiru erailketa eta kontatu ezin den beste bortxaketa eta eraso izan ditugu euskal herri eta hirietan». Beraien hitzetan, kasu hauek guztiak ez dira soilik baldintza jakin batzuetan izaten diren gertaera isolatuak, baizik eta «edozein emakumek edonoiz bizi duen zapalkuntzaren ondorio bortitzenetakoak».
Bilgune Feministaren iritziz, «emakumeon kontrako indarkeria sexuen arteko hierarkian oinarritutako sistema sozialaren beste adierazgarri bat da», eta beraz, sistema sozialean aldaketa sakonak eginez horrek dakartzan sexuen arteko bereizketari amaiera eman ezean, hilketak behin eta berriz gertatuko dira.
Bide horretan instituzioek duten erantzukizuna nabarmendu, eta salatu du, oraingoz, ez diotela behar bezala aurre egiten ardura horri. Baina «harreman parekideak eraikitzeko», herri- tarrek, halaber, eginbehar handia dutela adierazi du. Horregatik, gaur Emakumeen Mundu Martxarako Plataformak deitu dituen elkarretaratzeetan parte hartzeko deia egin du.
Azken kasu honi dagokionez, ikertzaileek lanean jarraitzen dute datu bila. Gorpuei egindako autopsiek argitu zuen Cartola itota hil zela, eta, gainera, Fiskaltzak emandako datuen arabera, kolpe ugari zituen aurpegian eta gorpua odoleztatuta zegoen. Emaztea hil ostean Jon Ortuzarrek bere buruaz beste egin zuen etxeko igerilekuan. Gorpuak asteartean aurkitu zituen etxea garbitzen zuen enplegatuak goizean goiz.
Donostia
Orereta
Zarautz
Azpeitia
Iruñea
Lizarra
Altsasu
Bilbo
Algorta
Zornotza
Arrasate
Portugalete