GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Eskua

Berasaluze eta Beginok 22ra iritsita irabazi nahi dute udako bigarren torneoa

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

Txapelketa irabazi zuten arren, Donostian lortutako garaipenak ez zituen erabat asebete modako bikotea osatzen duten Pablo Berasaluze eta Aritz Begino. Izan ere, finala hasi besterik egin ez zela, Patxi Ruizek min hartu eta partida utzi ostean lortu zuten garaipena. Orduko sasoiari eutsi dio Asegarceko bikoteak eta gaur Lekeition 22ra iritsita irabazi nahi du.

Gonzalez eta Barriola sona handiagoko pilotariak izan arren, Asegarceko bikotea faborito gisa kantxaratuko da gaur Santi Brouard pilotalekura, sasoi bikainean izateaz gain, elkarrekin oso ondo konpontzen baitira. Gainera, orain hamar egun, 22-16 irabazi zieten Atano III.ean Donostiako torneoko final-laurdenetan.

Aspeko bikoteak irabazteko aukera izan dezan, azkenaldian ematen ari den maila bikainari eutsi beharko dio Abel Barriolak, Pablo Berasaluzeri airez sartzen uztea tantoa galdutzat ematearen parekoa baita egun. Uneotan duen sasoia ikusita, Beginori bizkarra erakusten lan ikaragarria izango du Leitzakoak baina horretan saiatu beharra du. Aurrean, Gonzalez ezin da finalerdian bezain irregular aritu, Asegarcekoek ez baitute gauza handirik behar tantoa lortzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo