GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Josu Imanol Unanue Astoreka Gizarte ekintzailea

Engainu bat gehiago

Hemen Hirukoak inoiz ez du ezer jokatuko herri gisa, interes ekonomiko eta politikoen kontra doan ezer ez zaielako interesatzen, gutxiago lurraldetasuna edo independentzia

Erkidegoko Gobernua osatzen duen Hirukoak ezohiko bezala hartu du oraintsu galdeketaren ukazioa, eta antzezlari onen modura amorratu dira. Baina beraiek ondo zekiten bizi dugun salbuespen egoerari esker ondo zuzendutako gidoitik ateratzen den ezerk ez duela aurrera egingo.

Gustatu edo ez, aspalditik gure etorkizuna besteen esku dago, adibide gisa, herri kontsulta guztien debeku sistematikoa eta proiektuen inposizioa: AHT, termikoak, kirol portuak... hori guztia gutxi balitz bezala, urte larregi daramagu lege arrotzak onartzen, alderdi faxistei label demokratikoa ematen eta beraien lege zapaltzaileak indartzen.

Nahiz eta Erkidegoko hirukoak eta besteak hor haserre agertu, hasieratik jakin bazekiten ez zutela inongo aukerarik kontsulta hau edo besteren bat aurrera eroateko muga legalik apurtu gabe, edo ahaztu egin al zaie beste batzuk gehiago arriskatuta kartzelatu zituztela? Onena da orain ezin izango dietela ohiko biolentoei errua bota; finean, beraien betiko lagun demokratikoek bota dituztelako zakarrontzira izandako asmo horiek, hori bai, legalki.

Herri honen arazoa ez da biolentzia bat bakarra dagoela, hemen biolentzia asko dauzkagulako. Akaso biolentzia legalak, ofizialak eta guztiz onartuak dira txarrenak. Zeren... normala ote da egunero hainbat gazte atxilotzea? Egunero entzutea torturak egon badaudela? Ideiak legez kanpo jartzea? Komunikabideak ixtea? Eta egiten diren astakerien aurrean isilik egotea?

Gaitzespenak eskatzen diren heinean, gero eta ezkutuago edo ahaztuagoak izango dira estatu biolentzia, bere ustelkeriak, lege ez demokratikoak, adierazpen askatasun eza, eguneroko errepresio sistematikoa... kirats makala!

Eta, zelan ez, honegatik guztiagatik alderdi legaletako kideek ere badaukate errua, eta ez gutxi, finean, eurek onartzen eta bultzatzen dituztelako aipatutako astakeriak eta handiagoak. Gogoratu behar, adibidez, udal ez-demokratikoen osaera.

Euskaldunak denbora larregi daramagu zatituta eta zokoratuta gure herrian, kanpokoei poztasun ugari ematen, gure egunerokotasunean eta ezer egin gabe, zurrunbilo errepresibo eroan erorita. Hemen Hirukoak inoiz ez du ezer jokatuko herri gisa, interes ekonomiko eta politikoen kontra doan ezer ez zaielako interesatzen, gutxiago lurraldetasuna edo independentzia. Horrexegatik independentistok ez daukagu tokirik beren proiektuetan, nahiz eta kontrako adierazpenekin gutarikoak erakartzen saiatu. Noiz defendatuko dute ozen independentzia aukera modura?

Jakinez holako galdeketa batek aurrera egiteko Hirukoak nolako indarra zeukan eta ez zela nahikoa, esanguratsua da Ibarretxek alderdi guztiekin elkarrizketa bultzatu ez izana. Elkarrizketei uko egiteko beldur ziren, ala? Edo bazekiten aurretiaz ez zela bideragarria holako galdeketa? Nola lortuko zuten herritarren gehiengoak baiezkoa ematea? Gai honetan gastatu den guztia zertarako izan da, eta nork ordainduko du?

Nire ustez, Hirukoak hurrengo hauteskundeei begira egindakoa engainu bat gehiago da. Ez gaude txantxetarako, ordea, eta pentsatzen dut ona litzatekeela kontuak eta arrazoiak eskatzea zirku hau muntatu eta bultzatu duten guztiei, eta has gaitezen hemendik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo