GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Regina Otaola mehatxatzeagatik epaiketa hasi nahi du fiskaltzak

Auzitegi Nazional espainoleko fiskalen buru Javier Zaragozak, PPko ordezkari eta Lizartzako alkatea den Regina Otaolari ustezko mehatxuak egiteagatik epaiketa abiarazteko eskatu dio Santiago Pedraz epaileari. Gertakari hauengatik Lizartzako herritar bat dago auzipetuta eta lau eta sei urte bitarteko espetxe zigorra jaso lezake.

p013_f01_97x132.jpg

Manex ALTUNA |

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Lizartzako alkate Regina Otaolaren kontra ustezko mehatxuak egin zituen herritarraren kontrako epaiketa abiarazteko eskatu du.

Santiago Pedraz epaileari helarazitako idazkian, Javier Zaragoza fiskalburuak, gertatutakoa ikertzeko beharrezkoak ziren egiaztapenak eginda daudela esan du eta Peio Olanoren aurkako ahozko epaiketa hasteko baldintzak betetzen direla.

Zaragozak egiazkotzat jotzen du 2007 irailaren 7an Olanok «hiltzeko mehatxua» egin ziola Otaolari. Idazkian azaltzen duenez, egun horretan 30 bat lagunek baimenik eskatu gabe elkarretaratzea egin zuten udaletxe aurrean, PPko kidea «bertan zegoela jakinda».

«Giroa bero zegoenean», alkateak «bere funtzio konstituzional eta demokratikoak betez» bandera espainola jarri zuen udaletxeko balkoian. Une horretan, fiskalak dioenez, «Otaola, hil egingo zara» esan omen zioten. Zaragozaren esanetan, lizartzarraren helburua, PPko kidea «beldurtzea» zen ezagutzen zuelako bere «militantzia erradikala».

Udal gobernuko kide bati mehatxuak egitea leporatzen dio Olanori eta delitu hori lau eta sei urte arteko espetxealdiarekin zigortzekoa da berri agentziek esan zutenez. Hala ere, Zaragozak, artean, ez du bere eskakizuna ezagutarazi.

Joan den azaroan aske

Olanoren abokatuak ordea, ez duela inongo jakinarazpenik jaso adierazi zion atzo GARAri, eta jokabide horren atzean kasuari «oihartzun mediatikoa» emateko asmoa egon daitekeela uste du. Azaldu zuenez, arraroa da fiskala epaiketa hasteko «presaka» aritzea.

Izan ere, lizartzarra deklaratzen izan zen joan den urteko azaroan salaketa hori dela-eta. Pedraz epaileak aske utzi zuen baldintzarik gabe, delitua ez zela «larria» eta ihes egiteko arriskurik ez zegoela esanez.

Zaragozak aldiz, gertatutakoa EAE-ANVk hauteskundeen ondoren Otaolaren aurka burututako «mehatxu kanpainako» parte dela dio. PPko ordezkaria 27 boto eskuratuta heldu zen alkatetzara. EAE-ANVk berriz, 186 boto lortu zituen, baina legez kanpo utzi zuten. Ezker abertzaleak 1979tik 2003ra arte gobernatu du Lizartzan legez kanporatu zuten arte. Otaola udaletxera heldu bezain laster Espainiako bandera jarri zuen eta herritarrek hainbat protesta egin zituzten haren jardunaren aurka, hauteskundeetako emaitzak errespetatzeko eskatuz.

Olanok berak gogoratzen zuenez, egun horretan «Geurea ikurrina» lemarekin hainbat herritarrek elkarretaratzea egin zuten udaletxe aurrean. Lizartza ertzainez beteta zegoela eta mobilizazioa bukatzean bere bila joan zirela adierazi zuen. Antza denez, Otaolak eman zuen bere izena.

Aurrekariak

Lizartzako herritarraren kasuak eta duela aste pare bat Zigor Goikoetxea getxoztarrarekin jazotakoak antzekotasun handia dute. Hedabideetan oihartzun handia izan eta gero, Auzitegi Nazionaleko Fernando Andreu epaileak baldintzarik gabe kartzelatu zuen gaztea, Marisa Arrue PPko zinegotziari «hiltzeko mehatxua» egitea egotzita.

Andreuk sinesgarritasuna eman zion Arruek egindako salaketari lekuko eta polizien deklarazioak kontuan hartu gabe. PPko zinegotziak abuztuaren 10ean Algorta auzoko azoka batera egindako bisitan Goikoetxeak iraindu eta mehatxatu egin zuela esan zuen. Gazte getxoztarrak akusazio hori ukatu egin zuen, baina kartzelara bidali zuten. Fiskaltzak ere espetxeratzeko eskatu zuen.

ESPETXE ZIGORRA

Lau eta sei urte bitarteko espetxe zigorra jaso dezake Lizartzako herritarrak, PPko ordezkariari «hiltzeko mehatxuak» egin zizkiola leporatzen baitio Fiskaltzak.

EAe-REN KANPAINA

Zaragozak mehatxuak EAE-ANVren kanpainaren parte izan zirela dio Otaolaren kontra. PPko kideak 27 botorekin alkatetza eskuratu zuen, alderdi ekintzaileak 186 jaso zituenean hauteskundeetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo