GARA > Idatzia > > Kultura

Punk hondarrak Gasteizko oholtzan, Sex Pistols taldearen lehen zuzenekoa eta... azkena?

Azkena Rock jaialdia bero galdatan jarriko du gaur Sex Pistols taldearen estreinako bisitak. Orain 30 urte britainiarren lasaitasuna dardarka jarri zuen taldea lurpetik atera da «aberaste zikina» birari ekiteko.

p041_f02_51x104.jpg

A. BILBAO | BILBO

Edozeri barre egin, britainiar bizimodua astindu eta musikaz piperrik ere jakin ez arren zeukaten amorru guztia oholtza gainean eztanda arazi zuen taldea da askorentzat Sex Pistols. Beste askoren ustez, aldiz, rock & rollak inoiz izan duen iruzur handiena dira. Kontua da denok dugula Londreseko taldearen berri modu batean edo bestean; izan ere, zorionez edo zoritxarrez, 70eko punk eztandaren ikur ukaezina dira egun.

Duela hiru hamarkada haize bolada bortitz bat bezala eta ziztu bizian jaso zen guztia eta, 1978ko urtarrilaren 14an San Frantziskon (AEB) jo ostean, dena bukatu zen. Ordurako, aurreko hamarkada bukaeran Ameriketako Estatu Batuetako The Stooges eta MC5 taldeen soinu gordinak iragartzen zuen punk musikaren eztanda emana zen; hain zuzen ere, ingeles gazteria bortitzak burutu zuen eztanda hori estetika asaldagarri eta oldarkor bat erabilita (ingeles zaharrean gazteak mespretxuz izendatzeko hitza da punk; «beti pentsatu izan dut punk atzetik ematen ziotena izendatzeko hitza zela», esan omen zuen William Burroughs beat idazleak). Eta punk erasoaren lehen lerroan, Sex Pistols aipatuko da beti, hauek lehen lana plazaratu ordurako The Dammed taldearen «New Rose» kalean bazen ere.

Gainontzeko guztia, taldea 1975ean sortu eta desegin arte jazotakoa, ezaguna da oso; «Anarchy in the U.K» lehen singletik edo «Never Mind the Bollocks» albumetik hasi (bakarra!) eta Sid Viciusen heriotzeraino.

Berpizte aberasgarria

Johnny Lydon («Rotten» -ustela- ezizenaz ezagunagoa) abeslaria, Steve Jones gitarra-jotzailea, Glen Matlock baxu-jotzailea (Sid Viciousek beranduago ordezkatuko zuena tresna jotzen jakin ez arren) eta Paul Cook bateria-jotzailea dira taldearen jatorrizko kideak, berriz errepidera datozenak. Aurretik ere egin zuten saio bat, 1996an. Orduan ere, dirua irabazteko asmoak erakarri zuen laukoa plazara. «Orain hogei urte guk asmatu genuen hau eta orain makina bat talde ari dira gure kontu dirua egiten. Beraz, gutxienekoa dugu kapela pasatzea», esan zuten.

Euskal Herrira ekarri dituen azken bira 2007an abiatu zuten eta Azkena Rock jaialdikoa da azken kontzertua (Sex Pistols taldearen betirako agurra, azken zuzenekoa biziko ote du Gasteizek?). Gauzak argi utzi eta inor okertu ez dadin, Londreseko laukoak «Aberaste zikina» izendatu du bira, eta gauzak zuzen-zuzenean esaten jarraitzen dutela gogoratu die zaleei.

Zale batek baino gehiagok uko egin dio 2008ko Sex Pistolsi, aurreko guztia medio. Baina argia da Gasteizen aurkezten zaigun aukera: Sex Pistols behin eta berandu ikusi edo agian betirako ahaztu. Bitartean, eta harrigarriro, jaso dituzten azken kritikak onak izan dira. Zuzenekoak entretenigarritzat jo dituzte, eta bere buruari barre egiten dion plaza gizon xelebre legez azaldu dute Johnny Rotten, kantu mitikoak espero baino soinu eta trebezia hobearekin jotzen dituen taldearen burua nabarmenduz.

Ez da eguneko izar bakarra izango. Aurretik, 14.30ean hasita, Viaje a 800, Sorkun eta Animal Alphak joko dute. Baita Truly, Hanoi Rocks eta Blue Cheerrek ere. Iluntzerako, gaueko piztiak: The Sonics, Danko Jones eta Ray Davies (adi, orain urte batzuk zuzeneko zoragarria eman zuen!). Eta Sex Pistolsen ondoren, Blind Melon eta The Quireboys.

Fitxa

Azkena Rock Festival

Data: Gaur, ostirala, hilak 5.

Lekua: Azkena Rock Festival. Mendizabala (Gasteiz).

Ordua: 23.15ean.

Sarrera: 40 euro (Bonoa, 75 euro). www.azkenarockfestival.com

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo