GARA > Idatzia > > Euskal Herria

KRONIKA Fillon ministroaren bisita Baionan

Berezko instituzioaren aldeko aldarrikapena, ahoz aho

Elkarretaratzeak metatuz joan ziren atzo Baiona Ttipiko karriketan, François Fillon lehen Ministro frantsesaren bisita zela medio. Kontseilu Nagusiaren eraikina poliziaz inguratuta, eta hein horretan, Baiona Ttipiko karrikak ere halakoz josiak zirelarik, gutxik izan zuten Fillonengana hurbiltzeko aukera. Hala ere, ekitaldian bertan, Abertzaleen Batasuna, Batera eta Berdeen hautetsiek protesta egitea lortu zuten.

p018_f01.jpg

Ainize BUTRON

François Fillon lehen ministro frantsesaren bisitak ohiz kanpoko paisaia itxuratu zuen atzo Baiona Ttipia auzoko karriketan. Ipar Euskal Herriarentzat Hitzarmen Berezia izenpetzeko bertaratu zen, eta Kontseilu Nagusian zuten ekitaldia burutzeko asmoa. Haren inguru osoan, laurehun metrora, karrikak guztiz hartuak zituzten. Lapurdiko hiriburuak atzo izan zuen «setiatze» horrek, halere, ez zuen berezko instituzioaren aldeko aldarrikapena oztopatu.

Goizeko hamarrak ziren, eta baziren jada ELB sindikatuko ehun eta berrogeita hamar bat kide Baionako suprefeturan elkartuak. Abeltzainak jasaten ari diren krisiaren aitzinean krisi zelula bat abian jartzea eskatzeko bildu ziren bertan. Frantses Laborantza Ministerioko ordezkari batekin hitzordua zuten, eta bilera burutu orduko, laborariak Baiona Ttipiko karriketara abiatu ziren, bertan zeuden elkarretaratzeekin bat egiteko.

Hamaikak ziren François Fillon Kontseilu Nagusira iritsi zenean. Eta, goiz-goizetik, lehen ministroari ahal bezainbat hurbiltzeko, han ziren Batera plataformako sei bat kide prentsaurrekoa egiten saiatu ziren Mail Pelletier gunean, baina ekimena bertan behera utzi behar izan zuten, hau da, horretara behartu zituen Poliziak, eta protesta ekimenak San Andres plazara mugatu zituzten. Abertzaleen Batasunak hamaiketan egin zuen agerpena.

Erreferendumaren eta Ipar Euskal Herriko berezko instituzioaren aldeko aldarrikapena zabaldu nahian, Andde Sainte-Marie alderdikideak hartu zuen hitza eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoak duten «defizit demokratiko larria eta eskizofrenia politikoa» salatu. Alderdiak gutunez eskatua zuen Fillonekin biltzeko hitzordua, Ipar Euskal Herrian den egoera helarazteko. Lehen ministroaren erantzunik ez zutenez, elkarretaratzea egitea erabaki zuten.

Ekimen horretan, Kontseilu Nagusiko izenpetze gunean zeuden ABko hautetsiek, Baterako eta Berdeen alderdiko ordezkariekin batera Departamenduaren aldeko erreferendumaren aldarrikapena egiten zuten pankartak erakutsi zituzten.

«Herri Kontsulta, 32.800 izenpetze, herritarren %16», hori zen pankartan ageri zen aldarrikapena. Horrekin batera, Jakes Abeberri Biarrizko ABko zinegotziak lortu zuen Euskal Herriko egoerari buruz alderdiak prestaturiko gutuna helaraztea. Departamenduari buruzko erreferenduma eskatzeaz gain, Laborantxa Ganberak Estatu frantsesetik jasaten duen etengabeko erasoa, Euskal Herriak jasaten duen errepresioa eta presoen hurbiltzea aipatzen zuen gutunak.

Autonomia aldarrikapena

Baiona Ttipiko karriketan, bitartean, ELB sindikatuko ehun bat lagun, ABko kideekin batera, Autonomiaren aldeko Kolektiboaren elkarretaratzearekin batu ziren. Berrogeita hamar bat lagunek ikurrina eta «Fillon: Euskal Herria existitzen da, Autonomia, onarpen instituzional osoa Euskal Herriarentzat» leloa zekarren pankarta ireki zuten.

Xabi Larralde Batasuneko bozeramaileak hitza hartu zuen eta Estatu frantsesak adierazten duen «mespretxua» salatu zuen. Hein horretan, Hitzarmen Bereziko ekintzak abian jartzeko finkatu duten aurrekontua «ogi purruskak» baizik ez direla salatu zuen.

«200 milioi euro 2007an BAB elkargoak duen aurrekontua da. Diru zama hori ez da deus lurralde antolaketa aurrera eramateko», azaldu zuen, nabarmenduz Ipar Euskal Herria ez ezagutzearen ondorio dela hori.

Hala, autonomia-instituzioa aldarrikatzea ezinbestekoa dela adierazi zuen. Berezko instituzio hori Hego Euskal Herriarekin harreman «sendo eta sakonak» izateko lagungarri litzatekeela gehitu zuen. «Lotura ukatuz Ipar Euskal Herrirako garapen aukera bat galtzen da».

François Fillon Ministroak ez zituen entzun autonomia-instituzioaren gaineko aldarrikapenak, ezta bere diskurtsoan kontuan hartu ere. Hogei minutuz hartu zuen hitza, hamar hautetsiak, pankarta eskuetan, zutik, parean zituela.

Hitzarmen Bereziaren gisako ekimen bat «ohiz kanpokoa» zela nabarmendu ondoren, Fillon Frantzia mailako egoeran zentratu, eta Gobernu frantsesak gaur egun bideratzen dituen erreformak txalotu zituen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo