GARA > Idatzia > > Mundua

Thailandiako Armadak estatu-kolpearekin mehatxatu du, krisi politikoa amaitzeko

Thailandiako Gobernuaren aurkako protestek sortutako krisi politikoari amaiera jartzeko elkarrizketak aski ez badira, Armada estatu-kolpe bat emateko prest dagoela esan du Sojet Boonthanom jeneralak. Lehen ministroak berretsi zuen berak ez duela dimisiorik aurkeztuko .

GARA |

«Arazoak bide demokratikoen bidez konpontzen ez badira eta Thailandia irtenbiderik gabeko bidean sartuz gero, estatu-kolpe bat beharrezkoa izan liteke», esan zuen Somjet Boonthanom jeneralak «Bangkok Post» egunkarian. Orain arte, manifestazioak sakabanatzeko indarraz baliatzeari uko egin izan dio Armadak.

Boonthanom, 2006an lehen ministroa zen Thaksin Shinaawatra bere postutik kendu zuen militar taldearen kolaboratzailea zen eta Estatu kolpearen ondoren militarrek jarritako Segurtasun Nazionaleko Kontseiluan parte hartu zuen. Aurten Defentsa Ministerioan zuen postutik kendu zuten, bere ordez Shinawatraren jarraitzaile bat jarriz.

PAD alderdiko jarraitzaileek Gobernuaren egoitza okupatzen dute abuztuaren 26tik, egungo lehen ministro Samak Sundaravejen dimisioa exijituz. Ustelkeria eta hauteskunde-iruzurra leporatzen diote protesta egileek.

Armadak estatu-kolpea ematearekin mehatxatu arren, ez direla ausartuko esan zuen Sundaravejek igandean, eta hil bukaeran New Yorkera Nazio Batuen Erakundearen (NBE) bilerara joango dela iragarri zuen.

Lehen ministro ohi Shinawatra militarrek boteretik kendu zutenean halako bilera batean zegoen. «Shinawatrak, hara joan eta izan zuen etorri, baina ni joan egingo naiz NBEren bilerara», esan zuen Sundaravejek.

Bestetik, Thailandiako Konstituzioak gobernukideei debekatzen die irabazi asmodun erakunde pribatuetan lan egitea, eta gaur Auzitegi Konstituzionalak erabakiko du Sundaravejek Konstituzioa urratu zuen Administrazioan kargua izanik telebistako programen aurkezle eta kolaboratzaile izateagatik. Erruduntzat joz gero, lehen ministroak eta Gobernuko talde osoak karguak utzi beharko dituzte.

EPAIa

Epaileek gaur erabakiko dute lehen ministroak Konstituzioaren aurka jokatu duen edo ez. Erruduntzat joz gero, Sundaravejek eta bere Gobernuak dimisioa aurkeztu beharko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo