GARA > Idatzia > Kirolak > Real Sociedad

Zaragozako berdinketaren azterketa

«Beste urte batean, 2-0koa ez genukeen altxako»

De Ceriok eta Mikel Gonzalezek nabarmendu zuten taldea egiten ari den lanean itsuki sinesten dutela

GARA | DONOSTIA

Futbola gogo aldarte bat dela esan zuen Valdanok behin batean, eta Realeko jokalariak iritzi berekoak direla dirudi, Zaragozako berdinketa taldeak bere buruarengan duen konfiantzari egotzi baitzioten bai Mikel Gonzalez eta bai Iñigo Diaz de Ceriok ere.

Romaredako lehen minutuetan gertatu zenari erantzun argirik aurkitu ez dioten arren, bi jokalariek goraipatu zuten kontrako egoera baten aurrean taldeak izan zuen erantzuteko ahalmena. «Beste urteetan emaitza hori gaindi ezina izango litzateke, baina lehengoan berdinketa lortu genuen eta irabazteko moduan ere izan ginen», adierazi zuen De Cerio aurrelariak.

Azken urteetan jokalariak oztopo askori aurre egin beharrean izan dira, bai zelaian, bai zelaitik kanpo, eta horrek taldearen izaera sendotu du. «Sufrimendu askoren ostean, iazkoa azkenean ez zen denboraldi on-ona izan, baina aurrerapausoak eman genituen edozein arazoren aurrean behera egiteko lehen genuen joera hori aldatzeko. Bada boladatxo bat, jokalariok halakoei buelta emateko gai garela sinesten duguna», azaldu zuen donostiarrak.

Fede handia

Bere buruarekin nahiko autokritiko agertu zen Mikel Gonzalezek nabarmendu zuen Lillok aurten ezarri duen jokatzeko moduarekin jokalariek fede itsua dutela. «Guk sistema horretan sinesten dugu, bete-betean, geuk aukeratu duguna izan da eta amaiera arte defendatu behar dugu», azaldu zuen.

Konfiantza hori sendotu dadin, ez dago emaitza onak eskuratzea bezalakorik eta iazko denboraldiaren hasierarekin alde handia sumatu dute jokalariek. «Taldeak ondo jokatu du, emaitzak onak izan dira baina ez dago euforiarako tarterik. Sentsazioak bai direla iazkoak baina hobeak, batez ere larunbatean Anoetan jokatzeko gogoa».

Lehen Gola

Diaz de Ceriok lehen gola sartzeak lasaitu egiten duela onartu zuen, eta Xabi Castilloren erdiraketak goraipatu zituen, «oso erdiraketa onak egiten ditu».

Autokritika

«Gauzak zeuden bezala, berdinketa emaitza ona da, baina, nire iritzia jakin nahi baduzu, nik neuk ez nuen pozik amaitu», esan zuen Mikel Gonzalezek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo