GARA > Idatzia > > Kultura

Teknologia berrien eta trikitixaren arteko harremana aztertuko dute

Teknologia berriek trikitixaren munduan izan duten eta izango duten eraginaz hausnartuko dute «Inpernuko poza» Trikitixaren VI. jardunaldietan. Gaur eta bihar hitzaldi bana izango dira eta ostegunean zuzeneko emanaldi bat. Donostiak hartuko ditu hiru ekitaldiok.

p042_f01_148x092.jpg

Kristina MARTIN | DONOSTIA

Teknologia berriek trikitixan duten eraginari buruz arituko dira aurten «Inpernuko poza» Trikitixaren VI. jardunaldiak. Gaurtik ostegunera arte hitzaldi bi eta musika saio bat izango dira.

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko kideak azken sei urteotan ari dira jardunaldiak antolatzen, eta urtero gai nagusi bat izaten dute. Aurreko ekitaldietan trikitixaren oraina eta geroa, debekuak, koplak, Elgeta eta txapelketak hartu dituzte hizpide, Agurtzane Aizpuru elkarte horretako partaideak jakinarazi zuenez.

Aurten teknologia berrien gaia aukeratu dute, Aizpururen esanetan, «musikagintzan gero eta garrantzi handiagoa duten baliabideak direlako eta, azken urteotan, batez ere, trikitixaren munduan ere txertatu dira. Horien aplikazioak zer eman dion trikitixari eta etorkizunean zein bide jorratu ahal diren aztertzea da aurtengo asmoa».

Lehenengo hitzaldia Kaki Arkarazok emango du. «Teknologiaren perfekzioaren bilaketa zalantzan jartzen du», azaldu zuen Agurtzane Aizpuruk. «Bere ustean, garrantzi gehiegi ematen zaio teknologiari eta gero eta musika gutxiago egiten da».

Arkarazo musikari eta ekoizle da. Gitarra eta baxua jotzen ditu -Kortatu edota Negu Gorriak taldeetako partaidea izan zen-, eta gaur egun Garate grabazio estudioan dabil. Hitzaldia gaur izango da, 19:30ean, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan.

Bihar, leku berean eta ordu berean, Xabi Erkiziak berba egingo du. Erkizia Artelekuko soinu arloko arduraduna da eta «kopia eta originala», hau da, egiletza alorra jorratuko du. Arlo horretan diskoetxeekin gertatzen ari dena eta egiletzak aitortzen noiz hasi ginen aztertuko du.

Jardunaldiak ixteko zuzeneko musika saioa izango da Victoria Eugeniako klub aretoan. Emanaldia ostegunean izango da 20:00etan. Lehenengo atalean, Carles Belda trikitilari katalana eta Javi Pez teknologian aditua arituko dira ordu erdiz ordenagailuarekin musika sortzen. Ez da elkarrekin lan egiten duten lehenengo aldia, «Aupa Etxebeste» pelikularen soinu banda elkarrekin egin dutelako. Haiekin batera Jon Lonbera musikaria izango da.

Asier Ercilla eta David Nanclares musikariek eta Bizkaiko Balea grabazio estudioetako teknikariek bigarren atala egingo dute. Ercillak trikitixa jotzen du eta Nanclaresek buzukia eta mandolina.

Material idatzi gutxi

Aurtengo egitarauaz gainera, liburu bat ere aurkeztu zuten atzo. Bertan 2005-2007 bitarteko jardunaldietako materiala jaso dute. «Trikitixaren alorrean material idatzi oso gutxi dago eta horregatik garrantzitsua iruditzen zaigu materiala sortzea», gogorarazi zuen Aizpuruk.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo