Maite Ubiria Kazetaria
Kontratu zaharrak eta hitzarmen berriak
Baionako erdigunea, zubiak eta sartze-irteerak poliziaz bete ziren. Kontseilu Orokorraren egoitza dotorea uniformedunen hesiaz inguraturik. Ezohiko giroa Lapurdiko hiriburuan Administrazio frantziarraren ekimen arrunta burutzeko. Euskal Herria 2020, izen ponpoxo samarra bere baitan heldu den sei urteotan sosa apurra banatzea xede nagusia duen kontratua gordetzen duen proposamen batentzat. Pays Basque 2010-etik Pays Basque 2020-ra... gogoetak, hausnarketak, aurreikuspenak, bugetak... Hitzez beteriko proposamenak, finean. Bakoitzean bertoko eragileek herri honen garapena bermatuko duten urratsak lehenesteko lana hartzen dute. Aldi oro, gogoetetatik ekintzetara pasatzeko unean, bide hertsiak agertzen direlarik.
213 milioi euro 70 ekimen baino gehiago gauzatzeko. Hori al da guztia? Antza bai, sosei soilik erreparatzen badiegu. Ekarpen ekonomikoa eskasa da, kontratuaren benetako xedea, berriz, ez da eskuzabalagoa. Estatuarekiko lotura iraunaraztea, Administrazio frantsesaren argia gugan itzal ez dadin.
Aipaturiko hausnarketan euskal ordezkari anitzek eginiko esker oneko lana mespretxatu gabe, ez al da garaia ezberdinen arteko kontratuak gibelean utziz eskubide berak dituztenen artean etorkizuneko hitzarmenak bilatzeko?
Polizia sutsuki aritu zen Zuberoan erroak omen dituen erregetxoari herri honen nahia ezkutatzeko. Frantziar jantziaren azpian gordetzen den proposamen gabezia biluzik ez agertzeko asmoz? Sinaduraren atzealdean sumatzen diren aliantza isilak eta interesak jendearen haserreaz babesteko?
Alta, Baionako karriketan zein herritarrengandik gertuen diren erakundeetan, bestelako kezkak eta gogoetak nagusitzen dira. Laborariei galdegin, bestela. Lurralde antolaketa hobetzeko eta gizarte garapena bermatzeko proposamen eraginkorrak ezinbestekoak direla ukatzerik ez da. Izan ere, euskal eragileek adostu behar dituzte neurri horiek eta bertoko baliabideak indarrean azkartu behar dira. Kontratuaren moldea aspaldi agorturik dago eta herritarren nahiak errespetatuko dituzten hitzarmen berriak sortzeko unea heldu da.