Gose greban laugarren eguna beteko dute Oñatin gaztetxea eskatzeko
Oñatin gaztetxe bat izan arte etsiko ez dutela adierazi dute Gazte Asanbladako kideek. Kanpaldia egiten ari dira, okupatua zuten lokaletik Ertzaintzak igandean kaleratu ostean, eta bi lagun gose greba mugagabean daude. Atzo Arantzazura eraman zuten beren aldarria.
GARA |
Oñatiko Gazte Asanbladako kideek Arantzazun Ama Birjina egunean egiten den jaira eraman nahi izan zuten beren aldarrikapena. Bertan izan ziren, beste hainbat pertsonekin batera, gaur jada lau egun gose greban beteko dituzten bi gazteak.
Urteak daramatzate herrian gaztetxe baten premia aldarrikatzen. Helburu horrekin egin zuten kanpaldia abuztuaren 29tik pasa den larunbatera arte San Martineko ermitan, eta orduan haren ondoan Udalak duen eraikin batera sartu ziren. Berehala agertu zen Ertzaintza, gazteen esanetan, mehatxuka. «Protesta egitera gero eta jende gehiago bertaratzen zela ikusita, ordea, joan egin ziren». Hala ere, igandean, alderdi hori «ertzainek inguratu» zuten, gazte Asanbladako kideek aditzera eman dutenez. «Une horretan kanpoan zeuden hamar bat gazte identifikatu eta zakar tratatu zituzten». Gainera, atea bota eta barruan zeuden bi lagunak atxilotu zituztela ohartarazi dute.
«Jokaera zikina»
Gertaerak salatzeko herriko plazan kanpaldia egin, eta gose greba mugagabea hastea erabaki zuten, harik eta eurentzat gaztetxe bat lortu arte, eta beren asmoetan atzera ez egiteko borondate irmoa agertu dute.
Oñatiko Gazte Asanbladako kideek Udalak «oso zikin jokatu» duela salatu dute, halaber: «Eskuak garbitzeko eta arazoa saihesteko guk ermita okupatu genuela esan zuen. Guk ez dugu ermita zapaldu eta hori ondo baino hobeto daki ermitaren jabeak, onartu baitu halakorik ikusi ez-eta udaltzainen eta ertzainen presiopean jarri zuela salaketa».
Gose greba honekin besteren artean, lokal aske bat izatea eta «epaiketa eta errepresioari amaiera emateko Udalak bere esku dagoena egitea» aldarrikatzen dute Gazte Asanbladako kideek, eta eskaera horiek hartuta joango dira bihar arratsaldeko 17.00etan alkatearekin, Lurdes Idoiagarekin, hitzartuta duten bilerara. Ordu horretarako elkarretaratzea egiteko deia ere egin dute.
Bilboko Udalak eta Deustuko Gazte Asanbladak hitzarmen bat sinatu dute, eta horren bidez, gazteek bere gain hartuko dute Deustuko azoka zaharra kudeatzeko eta mantentzeko ardura.