TENISA U.S. Open-a
Federerrek irria berreskuratu du Murray mendean hartuta
Suitzarrak aise menderatu zuen tenislari eskoziarra eta sailkapeneko bigarren postua bereganatu zuen. Izan duen urterik zaileneko lorpen handiena izan da.
GARA | NEW YORK
Aurtengoa urte beltza izaten ari zen Roger Federerrentzat. Basileako tenislariak kolpe latzak jaso ditu aurten. Roland Garrosen berriz ere Nadalen aurka amore eman behar izan zuen, Wimbledonen bost urteko nagusitasunari agur esan zion baleardarraren kontra, eta Olinpiar Jokoetan dominarik gabe geratu zen James Blake estatubatuarraren aurka final-laurdenetan galdu ondoren.
Hori guztia gutxi balitz, ATPko ranking-aren 1. postua galdu du. Bigarrenetik ere erori egin zen, Novak Djokovicen mesederako. Egoera horren aurrean, U.S. Open-a zen suitzarrak urtea irribarrea ezpainetan amaitzeko zuen ia aukera bakarra. Bertan, urtea salbatzeko aukera izan du eta, bide batez, munduko bigarrena izatera itzultzeko.
Behin Nadal finalerdietan kanpoan geratuta, Federer zen faborito Andy Murrayren aurkako finalean. Biderik motzena erabili zuen helvetiarrak irabazteko, 6-2, 7-5 y 6-2, bi ordu baino gutxiago iraun zuen partidan. Emaitza honekin, Sampras edo Jimmy Connorsen balentriak berdindu zituen, bosgarrenez U.S. Open-a irabazita.
Garaikurra eskuan zuela, Federrerek urte gogorra izan duela aitortzearekin batera, New Yorken gailentzea beretzat oso garrantzitsua izan dela azpimarratu zuen. «Grand Slameko txapelketa oso zailak izan ditut azkenaldian, beraz, titulu hau irabazteak asko esan nahi du niretzat. Ez nuen titulu hau behar nire burua frogatzeko, baina ziur naiz ez dela irabaziko dudan azkena».
Bestalde, atzo jakin zen zein den ATPko rankingaren sailkapena. Nadalek lider jarraitzen du eta Federer, bigarren postura itzuli da, baina 1000 puntu gehiago ditu. Djokovic hirugarrena da, Murray eskoziarra laugarrenera igo da eta hurrengo David Ferrer dago.