GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Zazpi Herrialdeetako Txapelketa

Inork ez du hutsik egingo Euskal Herriko Olinpiadan

Nafarroa eta Bizkaia dira azken urte hauetan lehiarik handiena izan duten herrialdeak, baina aurten Gipuzkoa ere oso kontuan hartu beharko da

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Euskal Herriko Zazpi Herrialdeetako Txapelketa larunbatean jokatuko da Donostian, eta atzo aurkeztu zen 150 kirolari inguru batuko dituen ekitaldi hau.

Larunbatean izango da hitzordua Donostian, Sagueseko zabalgunean, 17.00etatik aurrera, baina egun horretarako eguraldiari dagokionez, iragarpenak ez dira onak, eta kasu horretan, eguraldi txarra izango balitz, alegia, Atano III.a pilotalekuan jokatuko litzateke.

Zazpi herrialdeetako parte-hartzaileak izango dira Gipuzkoako hiriburuan. Zuberoarekin arazoak izan dira behin baino gehiagotan, taldea ezin osatu ibiltzen zirelako, baina badirudi azkenaldi honetan herrialde horretan ere lan handia egiten ari direla herri-kirolak bultzatzeko, eta aurtengoan ere Euskal Herriko herrialderik txikienak izango ditu ordezkariak.

Aurtengo ekinaldiak hogeigarren urtea izango du. Lehenengoa Atharratzen jokatu zen, denen artean kirol guztietako euskal olinpiada bat egiteko asmoarekin, eta apurka-apurka indarra hartzen joan da, nahiz eta oraindik beharko lukeen izena ez duen hartu, ez zaleen artean, ez eta kirolarien artean ere. Hamar kirol izango dira ikusgai, gaur egun egiten diren ia guztiak. Probak, sega-jokoa, harri-zulatzea edo aitzurlaritza izan ezik, gainerako guztiak izango dira ikusgai: aizkora, harri-jasotzea, txinga-proba, trontza proba, orga-jokoa, zaku-lasterketa, sokatira, lokotx-biltzea, lasto-altxatzea eta ingude-altxatzea.

Kirol bakoitzean, herrialde bakoitzeko txapeldunak izaten dira, nahiz eta kasu batzuetan aldaketa batzuk ere egin behar izaten diren. Beraz, goi mailako kirolariak ikusteko aukera izango da Donostian. Olasagasti, Nazabal, Ostolatza, Lapazaran, Agirregabiria, Esnaola anaiak, Barberena anaiak. Goi mailako kirolariak arituko dira bakoitza bere herrialdea garaile atera dadin lanean.

Ordutegia

Txapelketa bera 17.00etan hasiko da, baina ekinaldia ez da ordu horretan hasiko, aurretik abiatuko baita txapelketako giroa. 16.00etan hasiko dira ekinaldiak, musika, dantza eta bertsoekin kaleak girotuz. 45 minutu geroago egingo da taldeen aurkezpena.

Horren ostean ekinaldia 17.00etan hasiko da, eta bi ordu eta erditan dena amaituta izatea espero da. Hori bai, eguraldi txarra egingo balu, eta azkenean Atano III.a pilotalekura eraman behar izanez gero denbora gehiago behar izango da saioa amaitzeko. Izan ere, lekua txikiagoa da eta, beraz, ekinaldi asko ezingo lirateke aldi berean egin. Horrek atzerapena ekarriko luke, baina hori beti ere eguraldiaren arabera izango da.

Faboritoei buruz hitz egitean, berriz, betikoak aipatu behar dira, alegia, Nafarroa eta Bizkaia. Azken urte hauetan bi hauen artean dema handia izan baita. Dena dela, Gipuzkoa ere hor izaten da, eta aurten etxean jokatuta oso talde arriskutsua izango da. Garbi dago, beraz, hiru horien artean egongo dela txapela, ezuste handiren bat gertatu ezean.

Une honetan, Araba, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa ez daude beste hiruren parean, eta lau horien artean laugarren postu hori egongo da jokoan. Hortik gorakorik lortzea ezuste handia izango bailitzateke.

Horrez gain, lau horiek ere aukera ederra izango dute beren kirol maila nolakoa den erakusteko. Herrialdeetako txapelketak jokatu berri dira, eta kirolariak sasoiko egongo direnez norgehiagoka politak ikusi ahal izango dira.

Ekitaldia

Etzi jokatuko da Donostian, Sagueseko zabalgunean, beti ere eguraldiak laguntzen badu. Euria eginez gero txapelketa Atano III.a pilotalekuan jokatuko da. Lehiaketa 17.00etan hasiko den arren jaia 16.00etan abiatuko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo