GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Euskaltegiek gauzak erraztu dituzte euskara ikasiz eta erabiliz biziberritzeko

40.000 ikasle inguru izango dira aurten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako euskaltegietan, aurkezpenean jakinarazi zutenez. HABEren tituluak homologatu dituzte, eta diru-laguntzak emanen dituzte, jendeak ez dezan gehiago euskara trabarekin lotu, erraztasunarekin baino.

Maider IANTZI |

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan helduak euskalduntzeko 2008-2009 ikasturtea aurkeztu zuten atzo Donostiako Miramar jauregian HABEko eta euskaltegien sare publiko eta pribatu homologatuko ordezkariek. Han izan ziren Patxi Baztarrika, Lakuako Hizkuntza Politikako sailburuordea, eta Joseba Erkizia, HABEko zuzendari nagusia, hainbat euskaltegitako kideekin batera: Isidro Ioldi, Batuz-ekoa; Gurutze Arrieta, Gipuzkoako Udal Euskaltegietakoa; AEK-ko Mertxe Mujika; Elkarlaneko Juan Carlos Murillo; IKAko Gurutze Sarasola; Aitor Etxebarria, Bizkaiko udal euskaltegietakoa; Maizpideko Marian Bidegain; eta Deustuko Unibertsitateko Mertxe Luzuriaga.

Kontent agertu ziren inoiz baino jende gehiagok jo duelako beraiengana matrikulaziorako informazio eske, eta 40.000 ikasle baino gehiago izanen dituztela espero dutelako. Gainera, HABEren tituluak guztiz homologaturik hasiko duten lehenbiziko ikasturtea dela nabarmendu zuten. Honek ondorio positiboak ekarriko dituela azaldu zuten: amaitzear den ikasturte honetan, 4.700 ikaslek lortu dute HABEk eskatutako mailaren batera iristea, eta ez horiek eta ezta lehendik hizkuntza-eskakizunen bat egiaztatuta edo beste tituluren bat eskuratuta dutenek ez dute azterketarik egin beharko maila bera ziurtatzeko. Daukaten agiriak edozein arlotarako balioko die: Osakidetzarako, irakaskuntzarako, Administrazio Orokorrerako... Baliozkotze dekretuan titulu batzuk jasotzea falta da oraindik, baina datozen hilabeteetan eginen dutela erran dute.

Dekretu honekin eta laguntza ekonomikoekin, euskara ikastea errazagoa izan dadin nahi dute, «hiztunak irabaztea» desio dute, ahalik eta jende gehienak hizkuntza hau ahalik eta gehien erabiltzea baitute helburu.

aberasgarria

Saiatu behar den arren, ikastea pozgarria eta aberasgarria dela ziurtatu zuten. Honela zuzendu zitzaizkien herritarrei: «Anima zaitezte, dena duzue irabazteko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo