GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Menu bertsua, pipermin gehiagorekin

Protagonista gehienek jakinaren gainean aritu behar dute. Utz ditzagun alde batera George W. Bush (orduan Texasko Guardia Nazionalean mozkorkerian ibiliko zelako ezertaz arduratu gabe, eta egun, arduratuta ere, gauzak tentuz ulertzeko gai ez delako), Barack Obama (orduan zortzi urterekin Jakartan beste burutazio batzuk izango zituelako; eta orain, berrogeita zazpirekin, halatsu) eta Sarah Pailin (lau urterekin, haurtzaindegiko kideen aurka egin beharko zituelako bere «gerrak»...). Beste guztiak helduxeak ziren 1969rako, eta oso hurbiletik ezagutu zuten pasadizoa. Cheney, jada, Kongresuko pasiloetan zebilen; Biden Zientzia Politikoan lizentziatua zen; Vietnamera ez joateko luzamenduen baitan zeuden biak. Zer esanik ez John McCain, ordurako Hanoiko ziegan zegoena, emandakoen ordainak jasotzen: bere aita izan zen Menu Operazioaren arduradun nagusietako bat, sasoi hartan Pazifikoko Komando buru. Eta historia, estropezuka bederen, ezaguna da.

1969ko martxoaren 18an hasi zen Breakfast Operazioa. Hau da, une hartan neutrala zen Kanbodiako oihanen bonbardaketa, Vietcongaren erretagoardiako baseak han zeudelakoan. «Gosari» haren ondoren «Bazkaria», «Askaria», «Afaria» eta antzekoak etorriko zirenez hurrengo urteko maiatza bitartean, multzo osoari Menu Operazioa deitu bide zitzaion, geroztik jakin denez. Izan ere, operazio hartan Estatu Batuetako B-52 bonbardari estrategikoek Kanbodian 100.000 tona bonba baino gehiago jaurti zituzten arren, erasoa ez zen beranduago arte ezagutu. 1970 maiatzean, Lon Nol titerearen estatu kolpea izango zen hurrengo urratsa, eta haren ondoren Kanbodiako Gerraren nabarmentzea etorriko zen. 1975eko porrotaren azken txanparen hastapena, alegia.

Itsu samarrak izan behar lukete Afganistanen sartu zireneko zazpigarren urteurrenaren atarian Estatu Batuetako Armadak Pakistan iparraldean hasi dituen erasoek Kanbodiako Menu Operazioarekin duen kidetasuna ez ikusteko. Berrogei urte geroago prozedurek, argudioek, epeek... kalkatuak dirudite. Orduan bezala, garaipenaren giltza «mugaz beste aldetik» dagoela sinetsita abiatu direla ematen du. Eta, orduan bezala, peace with honor helburu txalogarria erdiesteko ezinbesteko triskantzak direla pentsatuko dute. Islamabaden Lon Nolen papera nork egin dezakeen pentsatzen ari daiteke norbait... Bushi Nixonena egitea bost axola zaionez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo