GARA > Idatzia > Kultura > Irrati-telebista

Lehenengo urtea bete eta edukiak berritu ditu Euskaltubek

Lehenengo urtea bete eta goitik behera eraldatu dute Euskaltube web-gunea, bigarrena duen ikasturtean erabiltzaileentzat erosoagoa izan dadin. Berrikuntzen artean, hemendik aurrera audioak ere igo ahal izango dira bertara, eta bideoak bata bestearen ostean ikusi.

p051_f01_97x80.jpg

GARA | DONOSTIA

2007ko irailaren 3an abian jarri eta urtebetera, itxuraz ez ezik edukiz ere guztiz eraldatu dute Internet orri euskalduna, erabiltzaileei eskainitako zerbitzuak ugaritu eta ataria erabilerrazagoa egin nahian.

Bideoak partekatzeko euskara hutsez sortua, egun eduki berriak gehitu dizkiote web-guneari, eta aurrerantzean bideoak aukeratu ostean bata bestearen jarraian ikusteko aukera egongo da, banan banan aukeratu behar deseroso hori sahiestuta.

Atariaren kudeatzaile den Haritz Rodriguezek adierazi duenez, «salto kualitatiboa da uda honetan Euskaltube.com webguneak eman duena». Itxurari dagokionez, «orain arte izan duen oinarrizko diseinuaren alboan, egun askoz aurkezpen fresko eta dinamikoagoa du atariak, eta irudi korporatiboa ere askoz landuagoa ageri du». Edukietan ere bada berritasun franko, baina. «Aurrerantzean, bideoak ez ezik, audioak ere gorde ahal izango ditu bertan erabiltzaileak».

Gainera, orain arte formatu mota mugatua onartzen zuen Euskaltubek, eta «hemendik aurrera mugak apurtu eta makina bat formatu ezberdin onartuko ditu»: mpg, mpeg, avi, divx, mp4, flv, wmv, rm, mov, moov, asf, swf, vob, eta baita sakelako telefonoek normalean erabiltzen duten 3gp motako fitxategiak ere.

Lehen esan bezala, «playlist» edo bideo zerrendak osatzeko aukera da aipatutako berrikuntzen artean nagusia. Horrela, «erabiltzaileak web-gunean barna nabigatu, ikusi nahi dituenak aukeratu eta bata bestearen atzetik jarraian ikusi ahal izango ditu».

Berrikuntzez gainera, orain arte erabilgarri ziren tresnak ere mantenduko ditu atariak, «beren bideoak eta beste kideenak blog pertsonaletan txertatzeko aukera eskaintzen duena, kasu». Programazio alorrean ere, gutxinaka gutxinaka lehenengo ikasturtean zehar egindako hobekuntzak mantenduko ditu Euskaltubek bigarrena duen ikasturte honetan, erabiltzaileen erosotasunerako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo