Joseba Alvarez Euskal presoa
Euskara, bermea; euskal Estatua, tresna
Euskararen aurkako eraso berria lantzen ari dira gure herria ukatzen duten bi estatuak. Frantses Akademiaren azken oharrak eta Pariseko Senatuak izandako jarrerak argi eta garbi erakutsi dute zein izango den euskararekiko politika etorkizunean Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan. Errealitate horri azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak gehitzen badizkiogu, argi dago genozidio linguistiko-kulturala indartuko dutela, euskarak egiten baikaitu euskaldun eta Euskal Herri.
Estatu espainolean ere, beste eraso bat prestatzen ari dira. Ez dago Savaterren eta bere kideen ekimena beste era batera ulertzerik. Konstituzio espainola aldatu nahi dute gaztelania oraindik indar handiagoz inposatzeko. PSOEk PPrekin hitzartu nahi duen estatu itun berrian, besteak beste, hizkuntzarena sartu nahi dute. Jokabide honen aurrean, egungo «euskal instituzioen» hizkuntza politika eskasak ez du balio, eta inkesta soziolinguistikoaren emaitzen argitan, euskararen etorkizuna Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan ilundu egiten da. Gaztelaniaren aldeko presioa indartzea dute helburu eta, bide batez, euskararen normalkuntza prozesua oraindik gehiago moteldu. Espainolek ere argi dute euskarak egiten gaituela euskaldun eta Euskal Herri.
Hori gutxi balitz, bi estatuetan prestatzen ari diren eraso hori, Euskal Herrian bizi dugun egoera gatazkatsuaren erdian ematen da. Izan ere, gatazkaren konponbiderako azken saioaren porrotaren ondorengo azken hauteskundeetako emaitzek panorama politikoa asko aztoratu dute, besteak beste, Euskal Herri osoan ezker abertzaleak izan dituen emaitza oparoen ondorioz.
Alde batetik, Zapaterok gobernuari eutsi dio eta PP krisialdian sartu da. Bestetik, PNVren emaitzak gero eta kaskarragoak dira, PSOEri Patxi Lopez lehendakarigai gisa indartzeko aukera zabalduz, batez ere, datozen hauteskunde autonomikoetan ezker abertzaleak Gasteizko Legebiltzarrean ordezkaritzarik izateko aukerarik izango ez duela pentsatuz. Operazio politiko horri aurre egiteko proposatu du Ibarretxek kontsulta plana, bere garaian Ibarretxe-Oreja lehiaketan bezalaxe, orain iragartzen den Ibarretxe-Lopez lehiaketan ezker abertzale ilegalizatuaren botoak eskuratzeko asmoz. Era batean edo bestean egoera honetatik atera daitekeen akordio autonomiko berriak gatazka ez konpontzeaz gain, euskararen kalterako izango dela gauza segurua da.
Honi guztiari, globalizazioak Euskal Herriaren etorkizuna eta, beraz, euskararena, baldintzatuko duela gehitu behar diogu. Nola egin aurrera gero eta neoliberalagoa den Europar Batasunak gure herria eta hizkuntza ukatzen dituenean? Nola egin aurrera, Euskal Herriaren erreprodukzio mekanismo eta bitarteko guztiak, legalak, instituzionalak, kulturalak, komunikatiboak, ekonomikoak... gure esku ez baditugu? Euskal Estaturik gabe ez dugu hori guztia eskuratzerik eta, zer esanik ez EBn... Irlandak argi erakutsi digu estatua eskuratzea ez dela bermea, baina beste kasu guztiek erakutsi digute estaturik gabe ezinezkoa dela. Flandria eta Quebec, adibidez, oraindik ez dira estatu bilakatu, baina estrategia honetan sakontzen ari dira. Hor dugu, bestalde, Palestinarekiko politika genozida egiten ari den Israelgo Estatuaren hizkuntza politika arrakastatsua.
Tamalez, ez dugu uste egun Euskal Herrian zabaldu den hizkuntza politikaren azterketa zuzentzen duten «euskal instituzioetako» ordezkariek bide honetatik joko dutenik. Ez dugu uste, ez Ipar Euskal Herrian, ez Nafarroan ezta Autonomi Elkartean arduradun instituzionalek euskara normalizatzeko independentzia ezinbestekotzat joko dutenik. Arlo politikoan lantzen ari diren iruzurraren atal linguistikoa prestatzen ari dira, besterik ez. Horregatik diogu euskal komunitatean, euskal identitatea edota belaunaldi berrien atxikimendua ziurtatzeko tresna nagusia, Euskal Estatua dela, bere bitarteko guztiekin. Konpaktazio sozial euskalduna bideratzeko, beraz, ezinbestekoak ditugun tresna guztiak marko juridiko politiko berri batek soilik eman diezazkiguke. Honez gain, bitarteko hauek behar bezala erabiltzeko borondate politikoa behar da, PNVk ez duena, baina ezker abertzaleak izan baduena. Ez dugu ahantzi behar, zailtasun guztien gainetik ezker abertzalea izan dela bere burua euskaldundu duen mugimendu politiko bakarra, euskaraz non-nahi funtzionatzen duen bakarra, Joxe Mari Odriozolak ahazten duen gauza. Izan ere, aspaldi erabaki genuen Euskal Herria euskaldundu nahi duen indar edo mugimendu politikoak, aurretik bere burua euskalduntzeko gai izan behar duela. Guk, esan eta egin egin dugu.
Baina badira euskararen ikuspuntutik Euskal Estatua ezinbestekoa bihurtzen duten kanpo arrazoiak, aurrean aipaturikoak euskal komunitatearen barne beharretan oinarritzen baitziren. Hots, gure herrian bizi den erdal komunitateari zein etorkinei begirakoak dira orain aipatuko ditugun kanpo arrazoiak. Positibizazio sozialaz ari gara, hain zuzen. Euskal komunitatearen konpaktazio soziala beharrezkoa izanik ere, ez da nahikoa behar ditugun bermeak eskuratzeko. Positibizazio soziala gehitzea ezinbestekoa da gure kasuan.
Izan ere, Euskal Herrian bizi den erdal komunitateak zein etorkinek, ukatzen gaituzten bi estatuen politika dela medio, gure herriarekiko zein euskara eta euskal kultura zein hezkuntzarekiko duten jarrera okerra aldatzeko Euskal Estatua izatea derrigorrezkoa da. Gaur gaurkoz, bai erdaldunek bai etorkinek politikagintzan, hizkuntzan, kulturan, hezkuntzan ukatzen gaituzten bi estatuen ikusmoldea indartu egiten dute. Inkontzienteki bada ere, Espainian eta Frantzian daudelako jokatzen dute horrela. Ez dira euskal munduan integratzen, frantsesean eta espainolean baizik, Euskal Herrian bizi diren arren. Askotan hori ere ez dute jakiten.
Ez da egia beraren borondatea Euskal Herriaren edota euskara zein euskal kulturaren kontrakoa delako, inondik ere ez, baizik eta bi estatuen politikak honela jokatzera bultzatzen dituelako. Gure herriak, independentziaren bidez eskuratuko lukeen Euskal Estatuaren tresna eta bestelako politikarik gabe, errealitate hori ez dago benetan iraultzerik. Honek ez du esan nahi gizarte eragileen eskutik egiten den lana alferrikakoa denik, kontrakoa, baina lan honen emaitza beti mugatua izango dela aitortuz. Erdal komunitatearekiko zein etorkinekiko bestelako politika integrala egin behar dugu, baina honetarako bitarteko guztiak eskuratu behar ditugu.
Gainera, etorkizunari begira, gaur Euskal Herrian nagusi den erdal komunitateaz gain, etorkinak ere ezinbestekoak ditugu, «lehen mundua» deitzen duten toki guztietan bezalaxe. Bai ikuspuntu ekonomikotik, baita ikuspegi demokratiko, sozial, kultural eta demografikotik, beraiek gabe Euskal Herriak ez du aurrera egiterik, besteak beste, beraiek izango baitira bihar Euskal Herri libreko gehiengoa maila guztietan. Beraiek, eta zer esanik ez beren seme-alaba guztiak euskaldun bilakatzeko, Euskal Estatua helburu albora ezina da. Ez dira Euskal Herriko partaide eta herritar kontsideratuko, Euskal Herria errealitate bilakatzen ez den bitartean.
Azkenik, ezin dugu ahaztu etorkizunean independentzia eskuratzen ez badugu, Euskal Herriak maila guztietan duen pisua txikitzen joango dela bi estatuetan, hiru milioiko komunitate batek, behar dituen tresnak izan gabe, ez baitu bera baino askoz ere handiagoak diren bi komunitateekin ezertan lehiatzerik ezertan. Zer esanik ez hauteskunde eta herri erabakietan subiranoak edota subjektu politiko gisa aitortuak ez bagara. Euskal Estatuaren premia, gorria dugu, zalantzarik gabe.
Gauzak horrela, Irlandaren mamua baztertzeko, ezinbestekoa da euskararen aldeko borroka, euskal kulturarenarekin batera, independentziaren aldeko borrokaren zentro politikoan txertatzea. Eta, bestetik, bi estatuak prestatzen ari diren eraso berriei aurre egitea, erantzunez eta eraikuntza nazionala indartuz maila guztietan, Joxe Mari Odriozolak aipatzen duen asimetria gaindituz. Hizkuntzaren ikuspuntutik, Flandriari eta Quebec-i begiratu behar diegu. Inork gutxik jartzen du zalantzan egun batean estatu bilakatuko direnik eta, hala bada, flandeseraz eta frantsesez biziko direnik.
Eskerrak euskararen gizarte mugimendu zabalak, herri borondatea bere eginez, bere bideari eutsi dion urte luze hauetan, delako «euskal instituzioek» jarritako traba guztien gainetik. Hor daude euskal curriculuma, euskal unibertsitatea, euskal esparru komunikatiboa, ikastolen zein eskola publikoetako euskal eskolen eta helduen euskalduntze eta alfabetatzearen aldeko dinamika, Kontseiluak eta EHEk egindako lana. Urrats horietan sakontzen eta presio soziala indartzen dira eskuartean egun ditugun tresna nagusiak. Horiek indartuz soilik lortuko dugu euskararen erronka eztabaida eta konponbide politikoaren bihotzean kokatzea.