Iaz Donibane Garazin atxilotutako gazteak aske uzteko eskatuko dute larunbatean
GARA |
Duela urtebete Polizia frantsesak hainbat lagun atxilotu zituen Donibane Garazin 2006an Bidarrain hotel baten aurkako atentatua egitea leporatuta. Espetxeratuak Xabier Susperregui, Pantxo Flores, Mikel Barnetxe, Cedrid Garay eta Joan Bi- dart izan ziren, eta gainera polizia operazioan bertako Kalaka kultur elkartearen egoitza ere goitik behera miatu zuten.
Egun, lau hiritar kartzelan daude oraindik (Bidart kartzelatik atera zuten bere buruaz beste egiten saiatu ostean eta orain bere etxean preso dute), eta orain datorren urriaren 1erako epaileak behin-behineko kartzela zigorra luzatzen dien erabaki beharko du.
Nafarroa Behereko Askatasuneko eledun Jean-Luc del Campok, larunbatean gazteen lagun eta senideekin batera egin zuen prentsaurrekoan salatu zuenez, «tamalgarria da urte bat pasa ondoren laurak oraindik kartzelan preso izatea, Bidarraiko atentatuarekin lotzen dituen elementu garrantzitsurik ez dagoenean».
Horregatik guztiarengatik, datorren larunbatean, irailak 20, manifestazioa antolatu dute Donibane Garazin kartzelatutako lau hiritar hauek «berehala aske utz ditzaten eskatzeko». Horrenbestez, Del Campok herritar guztiei mobilizazio horretan parte hartzeko deia egiteko tartea izan zuen aipatutako prentsaurrekoan.
Horrez gain, Askatasuneko eledunak salatu nahi izan zuenez, joan den urteko iraileko sarekadan Donibane Garaziko Kalaka elkartearen miaketarekin Estatu frantsesak «euskal kulturaren aldeko proiektu asko gauzatzen diren gunea behin betiko ixtea bilatzen zuen».
«Jakin badakigu proiektu horiek ez dituztela batere gustuko Estatu frantsesak eta espainolak», nabarmendu zuen Del Campok.
Bestalde, Pantxo Floresen amak azaldu zuen gazteak kartzelatzeko froga bakarra gizon bakar baten testigantza dela.