GARA > Idatzia > > Kirolak

BAT FORMULA Italiako Sari Nagusia

Mito bihurtzeko lehen pausoa eman du Vettelek Monzan

Eguraldiak ezohiko sailkapen bat utzi zuen Sari Nagusiaren ostean eta Mundialerako bi faborito nagusiek lanak izan zituzten puntuetan sartzeko.

Koldo AKORDARREMENTERIA | MONZA

Sebastien Vettel-ek larunbateko ezustekoari sekulako zukua atera eta bere bizitzako astebururik arrakastatsuena osatu zuen.

Monzako zirkuitua mitoak sortzeko fabrika izan da beti, eta Sebastian Vettelek mito izateko bidea hasi zuen atzo. 2008eko Italiako Sari Nagusia bi ezaugarrirengatik gogoratuko du jendeak: euria eta Sebastian Vettel. Biak izan baitziren asteburuko protagonista. Batetik, euriak sekulako triskantza eragin zuelako; Mundialeko bi faborito nagusiak garaipenaren borrokatik at utzi ondoren. Eta bestetik, Sebastian Vettel-ek Fernando Alonsori bi errekor kendu dizkiolako asteburuan: larunbatean «pole» bat lortzen piloturik gazteena izan zelako, eta 1 Formularen historian Sari Nagusi bat irabazten duen gidaririk gazteena izatea lortu duelako.

Vettel: hasieratik nagusi

Sebastian Vettel-ek hasieratik zekien zein zen bere lana; aurrera jo eta atzerako ispilutik ahalik eta gutxien begiratu. Eta hala egin zuen pilotu alemaniarrak.

21 urterekin, gutxik uste zuten gazte germaniarrak lehenbiziko postua mantenduko zuenik, baina oker zeuden. Hasieran, «safety car»aren babesarekin, eta ondoren bere pasaerarekin batera sortutako ur geruzaren laguntzarekin, Sebastian Vettel-ek bigarren sailkatua zen Heikki Kovalainenekiko aldea handitu baino ez zuen egiten itzuliz itzuli.

Atzetik oilarrak ahalik eta auto gehien aurreratzen saiatu ziren, baina zorte desberdina izan zuten. Hamiltonek 8 postu (15.etik 7.era) aurreratu zituen, gidatzeko modu erasokor baina eraginkorrarekin. Raikkonenek, aldiz, 5 postu aurreratzea baino ez zuen lortu (14.tik 9.era), eta ez zituen ase utzi Monzaraino hurbildu ziren Ferrarizaleak.

Bestelako Sari Nagusia

Monzako Sari Nagusia oso markatuta geratu zen larunbateko sailkapenetik. Egoera horrek ezohiko lasterketa bat marraztu zuen lehendabiziko itzulitik. Halere lasterketak aurrera egin ahala, eguraldia hobetzen joan zen. Pilotu guztiak atera ziren euritarako gurpilekin, eta Fernando Alonso izan zen tarteko gurpilak jarri zituen lehena; horrek emaitza bikaina eman zion gidari espainiarrari, 8. postutik 4. posturaino aurreratu baitzen.

Atzoko garaile nagusia Sebastian Vettel, eta bere talde «Scuderia Toro Rosso», izan baziren ere, BMW-Sauber-en lana ere goraipatzekoa da. Kubica eta Heidfeldek (3. eta 5. postuan bukatu ondoren) inoiz baino estuago jarri dute taldekako sailkapen nagusia. McLaren eta BMW-ren artean 12 puntu baino ez daude orain.

 
3 errekor Sari nagusi bakarrean

21 urte, bi hilabete eta hamaika egun dituen Sebastian Vettel-ek 3 errekor hautsi ditu azken asteburuan. Gaurtik aurrera Sari Nagusi bat irabazi, podiumera igo, eta «pole» bat lortu duen piloturik gazteena da Sebastian Vettel.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo