Zazpi Herrialdeetako Txapelketa
Nafarroak ez du hutsik egiten
Bosgarren urtez jarraian jantzi zuten txapela. Jokatu ziren hamar probetatik bost irabazi zituzten, nagusitasuna erakutsiz
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Nafarroa Garaiak bosgarren urtez jarraian lortu zuen herenegun Donostian Zazpi Herrialdeetako Txapelketa irabaztea. Nafarrek, gainera, uste baino errazago lortu zuten txapela, hango kirolariak beti lehen postuetan aritu baitziren.
Ostiralean erabakita zegoen bezalaxe, ekinaldia Atano III.ean jokatu zen, eguraldiak ez baitzuen kanpoan egiten utzi. Jende dezente batu zen saioa ikustera, baina ez horrelako lehiaketa batek merezi duen adina. Hamar kiroletan jardun zuten, eta Euskal Herriko zazpi herrialdeak aritu ziren lehian. Zuberoak sokatirako eta zaku-lasterketako ordezkaririk ez zuen agertu, eta Nafarroa Behereak ez zuen harri-jasotzailerik ekarri. Nafarrak oso erregularrak izan ziren, eta agian ezusterik handiena harri-jasotzean eman zuten. Bertiz, herrialdeko txapelduna, Ostolatzarekin berdinduta geratu baitzen. Horrelakoetan bi kirolarietan gutxien pisatzen duenak irabazten du, eta nafarrak eraman zuen garaipena.
Txingan, metro gutxi batzugatik irabazi zuen Roman Hierro arabarrak, eta bigarren geratu zen Agirregabiria. Hierro atzetik aritu zen, eta horrek abantaila eman zion Arabako ordezkariari.
Txinga-proban, orga-jokoan eta lasto-altxatzean gauzak nahiko estu ibili ziren, eta garbi geratu zen taldeen arteko lehia eta oreka handia dela. Organ Cazenave zuberotarrak irabazi zuen, eta lasto-altxatzen Sein nafarra gailendu zen.
Ekinaldia sokatirarekin hasi zen eta amaitu ere bai. Zuberoa ez beste gainerako guztiak neurtu ziren; sei taldeak liga batean aritu ziren, eta horrek luzatu zuen. Bizkaia zen faboritoa, eta ez zen ezusterik izan. Abadiñoko tiralariek osatu zuten Bizkaiko taldea, eta goma gainean berdeak gainerakoen gainetik daude; hori argi eta garbi geratu zen.
Beste kirol batzuetan faborito argiak zeuden, eta horietan ez zen ustekaberik izan. Ingude-altxatzean Joxe Lapazaran zen faborito, eta bera izan zen proba horretan nagusi geratu zena. Lokotxetan, Jimenez nafarrak irabazi zuen.
Nazabal
Aizkoran Floren Nazabal zen irabazteko faborito, eta Etxarrikoak aise bereganatu zuen proba. Hemengo ezustea Atutxa II.ak eman zuen, bigarren amaitu baitzuen Joxemari Olasagastiri aurrea hartuz.
Trontza saioak ere jendearen ikusmina zuen, Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko dema zen, horixe izango da Euskal Herriko finalean ere. Esnaola anaiak ziren Gipuzkoako ordezkariak, eta Barberena anaiak Nafarroakoak. Azken hauek irabazi zuten iaz Euskal Herrikoa, baina Legorretakoek herenegun ez zuten barkatu eta beraiek eraman zuten proba.
Herrialdeen artean garbi dago Nafarroa Garaia besteen gainetik dagoela. Azkeneko bost urteetan beraiek irabazi dute, eta hori ez da kasualitatea izaten. Oraingoan, gainera, bederatzi puntutako aldea kendu zion Gipuzkoari.
Azken hauek beren maila eman zuten, nahiz eta ezustea harri-jasotzean izan zen, inork gutxik uste baitzuen Ostolatzak irabaziko ez zuenik. Gipuzkoak ere lan ona egin zuen, baina proba bakarra irabazi zuen, eta amaieran bigarren geratu behar izan zuen.
Bizkaiak, berriz, behera egin du. Nafarroarekin pare-parean aritu izan da azken urte hauetan, baina aurten behera egin dute, nahiz eta Lapazaran eta Abadiñoko taldea beste guztien gainetik egon.
Behera egin duen beste taldea Araba da. Lapurdik, aldiz, gorako joera hartu du azkenaldian.
Nafarroa Beherea eta Zuberoa goranzko bidea egiten ari dira besteen parera heltzeko oraindik lan handia egiteko duten arren. Sailkapeneko azkeneko bi postuetan amaitu zuten, baina azkenaldian bi herrialde horietan egiten ari diren lana agerian geratu zen.
Zuberoa, taldea osatu ezinik, azkenaldian behin baino gehiagotan parte hartu ezinik geratu da, baina Donostian azken postutik ihes egiteko modua egin zuen, nahiz eta zaku-lasterketan eta sokatiran talderik aurkeztu ez. Orga-jokoan, gainera, Cazenavek irabazi egin zuen. Nafarroa Behereak ere lan onak egin zituen, nahiz eta ezin izan zuen harri-jasotzailerik ekarri.
400 ikusle inguru batu ziren Atano III.a pilotalekuan. Bertaratu zirenek ederki pasatu zuten, probak ikusgarriak suertatu ziren, eta zaleek euren taldeak animatuz giro polita jarri zuten.
Ostiralean erabaki zuten Atanora ekartzea, eta asmatu egin zuten, larunbatean euria baitzen. Gero, dena iragarrita zegoen bezala atera zen, bizi-bizi. Guztia primeran.
Hogei urte dira lehiaketa hau hasi zenetik, eta oraingoz, Nafarroa Garaiak, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Zuberoak irabazi dituzte. Lapurdik jokatu zen lehena bereganatu zuen, baina hura ez zen ofiziala, eta ez da kontuan hartzen.