GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

KRONIKA Emakumezkoen I. Kontxako bandera

Galizia aldetik ez baita alferrik selekzio bat etorri

Emakumezkoen I. Kontxako Banderak badu irabazlea: Galiziako selekzioa. Bezperan itsaso zakarra zela-eta askoz gehiago sufritu zuten arren, galiziarrek erakustaldi aparta eman zuten atzo, mendebalde urrunetik iritsitakoa selekzio bat zela argi uzteko. Zumaia-Getariak hirugarren amaitu zuen estropada eta euskaldunen artean onenak izan dira.

p009_f01_555x555.jpg

A.A.

Cabo da Cruz, Meira eta Chapela arraun elkarteetako neskekin osatutako selekzio galiziarrak bere izena hizki handitan idatzi du Kontxako Banderaren historia luzean. Haiek dira historiako emakumezkoen lehen estropadaren irabazleak eta, gainera, Kontxan garaipena lortzen duen lehen traineru galiziarra osatu dute, gizonezkoetan inoiz lortu ez dutena. Arrazoiak ez zaizkie falta pozik egoteko eta, iragarri dutenez, hurrengo urtean are eta indar handiagoarekin itzuliko dira badiako uretara.

Kasu honetan, itsasoaren barealdiak kalte egin zion Zumaia-Getariari, euskal traineru indartsuenari. Sailkatze estropadan izan zituzten baldintza zailetan bikain moldatu ziren gipuzkoarrak eta galiziarrei 24 segundo ateratzeko gai izan ziren. Baina, zoritxarrez, atzo ez zen horrenbesteko olaturik egon eta, aurretik ere jakina zenez, bezperako denborek ez zuten ezertarako balio.

Hasiera-hasieratik jarri zen Galiziako traineruak estropadaren buru, nahiz eta aldeak oso txikiak izan ziren estropada osoan zehar. Astillero izan zen galiziarrei gehien hurbildu zitzaien ontzia, baina kantabriarrek ez zuten tarte batean ere lehen postura heltzea lortu. Zumaia-Getaria ere ez zen urrun ibili, baina hauek ere hirugarren postutik pasa ezinik ibili ziren. Laugarren eta azken postua Hondarribiarentzat izan zen. Azkenean, iragarpenak bete eta galiziarrak zein kantabriarrak puntutxo bat euskaldunen gainetik daudela erakutsi zuten, indarra soilik kontuan hartzen badugu bai behintzat.

Eta festa hitzarekin bete-betean asmatu zuen. Izan ere, ikusgarria izan zen arraunlariei portuan egin zieten harrera eta ontzi desberdinetako jarraitzaileek besteei ere eskainitako txalo sorta. Arraunlari galiziar batek aipatu zuen moduan, «lehen gu ginen besteei txalo egiten jarduten genuenak eta orain norberak txaloak jaso ahal izatea oso polita da». Ongi merezitako txaloak jaso ere, inolako zalantzarik gabe.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo