Oteizak eta Arantzazuko basilikak elkarri zor diotenaz mintzo
«Arantzazu» frantziskotarren aldizkariak monografikoa argitaratu du Jorge Oteizaren jaiotzaren mendeurrena gogora ekartzeko. Eskultoreak santutegian dituen lanetatik -Apostoluak eta Pietatea- abiatuta, artistaren biografiari eta obrari errepasoa egiten diote.
Kristina MARTIN | DONOSTIA
Jorge Oteiza (Orio, 1908-Donostia, 2003) jaio zenetik ehun urte beteko dira urriaren 21ean. Eskultore horren sorkuntza lana oso zabala da, baina Arantzazuko basilikan egindako bi eskulturak -«Apostoluak» eta «Pietatea»- bereziki esanguratsuak dira. Hori dela eta, «Arantzazu» frantziskotarren aldizkariak Oteizari buruzko ale monografikoa argitaratu du.
Horrez gain, datorren larunbatean, hilaren 20an, jardunaldi bat antolatu dute Gandiaga Topagunean.
Bi ekitaldiokin Oteizaren irudia herritarrengana hurbildu nahi dute. Aldizkariaren zuzendari Iñaki Beristainek azaldu zuenez, «egungo gizarteak duela 40 urte baino hobeto ulertzen du Oteizaren lana». Hala ere, Oteizaren inguruan sortu den «mitoak bere lana lausotu du», gogorarazi zituen Beristainek Pedro Manterolaren hitzak. Manterola Oteiza Museoko zuzendari ohia eta Oteizaren obran aditua da.
Monografikoak, beraz, Oteizaren eta Arantzazuren arteko harremana jorratzen du batez ere. «Arantzazuk eta Oteizak elkarri asko zor diote. Arantzazu Oteiza gabe eta Oteiza Arantzazu gabe ez liratekeelako orain direnak izango», baieztatu zuen Beristainek. Oteizak berak idatzita utzi zuenez, «Euskal Herriko basilika handiaren kanpoko paretan nire mezu erlijiosoa irudikatu ahal izatea nire bizitza xumeko ohorerik eta zoriontasunik handiena izan zen».
Apostoluak errepide bazterrean
Oteizak Arantzazuko basilikan «Apostoluak» eta «Pietatea» sortu zituen joan den mendearen erdialdean. Orduko arte erlijiosoa tradizionala zen, ornamentuz josia eta figuratiboa. Oteizak, baina, hankaz gora jarri zuen ikuspegi artistiko hura. Garai hartako agintari erlijiosoek ez zuten bere obra behar bezala ulertu eta Oteizaren hamalau apostoluak errepide bazterrean egon ziren hamar urte baino gehiagotan.
Mespretxu horrek garaiko artista asko sutu egin zituen eta Oteizaren aldeko kanpaina abiatu zuten prentsan. Polemika horrek izugarri sufriarazi zion eskultoreari baina, aldi berean, bere lana hobeto ezagutarazteko balio izan zuen. Azkenean, agintariek amore eman eta «Apostoluak» basilikako fatxadan paratu zituzten.
Istorio horri buruzko xehetasunak ez ezik, Oteizaren biografia, eskulturen inguruko azalpen artistikoak eta Arantzazuk Oteizaren bizitza pertsonalean eta artistikoan izandako garrantzia lantzen ditu monografikoak adituen iritzien bidez.
«Arantzazu» aldizkariko ale berezia elkarrizketa batek ixten du: Pedro Manterolaren eta Miguel Angel Alonsoren artekoa. Alonso Gandiaga Topaguneko arkitektoa da eta Arantzazuko azken obrak gidatu ditu. «Elkarrizketa hori Oteiza hobeto ulertzeko oso lagungarria da», ohartarazi zuen Beristainek.
Monografikoa aldizkariaren harpidedunen artean banatuko da, baita parrokietan eta liburutegietan ere.
Larunbateko jardunaldia, bestalde, 10.30ean hasiko da. Oteizak eta Bitoriano Gandiaga poetak izan zuten adiskidetasunari buruzko bideo bat emango dute, Oteizaren hitzekin, eta gero Pedro Manterolak «Jorge Oteizaren pasioa» izeneko hitzaldia eskainiko du. Ondoren, lunch-a izango da eta, amaitzeko, bisitaldi gidatua egingo da Arantzazuko Oteizaren obren inguruan. Ekitaldiotan parte hartu nahi duenak 943 444 590 telefonora dei dezake.
Hamabi beharrean, hamalau apostolu irudikatu zituen Oteizak. Zergatik? Arrazoi desberdinak eman zituen: espazio arazoak zirela, arraunlariak zirela... «Barkatu, ez neukan gehiago sartzeko tokirik» , erantzun zion beste bati aspertuta.
Data: larunbata, hilaren 20a, 10.30etik aurrera.
Tokia: Arantzazuko Santutegia (Oñati), Gandiaga Topagunean.
Egitaraua: bideo-emanaldia, Pedro Manterolaren hitzaldia, lunch-a eta bisita gidatua.