GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Kronika | Erromeria Olarizun

Gasteiztarrek giro ezin hobeaz ireki dizkiote ateak udazkenari

Uda nahi baino laburragoa izaten da, ia beti, hotza auzokide dutela bizitzera ohituta dauden gasteiztarrentzat. Udaren bukaerak, dena den, oso maite duten hitzordua eskaintzen die urtero Olarizuko zelaietan. Eguraldia lagun, milaka lagun biltzen dira Olarizu mendiaren tontor eta magalean, eta atzo ere giro ederrean igaro zuten egun handia.

p020_f01_126x096.jpg

Iker BIZKARGUENAGA

Fresko samar argitu zuen eguna Gasteiz aldean. Urria, abuztua baino hurbilago ageri da egutegian, eta udako epeltasuna laster ahaztuko dute Arabako hiriburuko biztanleek. Hau guztia, hala ere, ez zen aitzakia izan, eta lagun ugarik Olarizuko hitzorduari ondo erantzun zioten atzo, urtero egiten duten legez.

Festa estimatua da gasteiztarrentzat Olarizukoa. XIX. mendetik, belaunaldiz belaunaldi, hiriko eta inguruetako auzokideak bertako zelaietara joaten dira iraileko lehen egunetan, betiere astelehenean. Agintariek ere badute hemen beren egitekoa, hiriko mugarriak ikuskatzen baitituzte egun honetan. Udal Txistulari Bandak lagunduta, 8,6 kilometroko ibilaldia egin zuten Arabako ahaldun eta Gasteizko alkate eta zinegotziek, goizeko 9.00etan abiatuta, Gamarragutxia, Betoñu, Elorriaga-Arkauti, Arkaia, Ilarratza, Jungitu eta Uribarri Arratzuako mugarriak ikusteko.

Politikari hauetako asko, Xabier Agirre eta Patxi Lazcoz buru zirela, Estibalizko basilikan egon ziren igandean, santutegi honetan urtero egiten den ekitaldi instituzionalean.

13.00ean, Gasteizko mendietako herrietan suziri jaurtiketa, kanpai dangada eta angelusa izan zen eta, ordu berean, babarrun janaz gozatu ahal izan zuten zelaietan bildutakoek. 14.30ean heldu ziren Olarizura udal segizioan parte hartu zuten lagunek, Udal Bandako txistuen doinuek lagunduta.

Bazkalostea zerura begira egin zuten babarrunak edo motxilan eramandako ogitartekoak jan zituzten gasteiztarrek, hodei ilunek eguzkia behin baino gehiagotan estali baitzuten goizean eta eguerdian.

Azkenean, ateri izan zen, eta Olarizuko baratzeen aurreko zelaietan antolatutako jolasek eta erakusketak ez zuten eguraldia oztopo izan. Leku horretan bertan, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak bioaniztasunari buruzko argibide-panelak jarri zituen ikusgai.

Handik metro gutxira, abentura gunean, haurrek beren irudimena muturreraino eramateko hainbat tramankulu eta gailu aurkitu zituzten: oihan puzgarri erraldoia; arrain pista; atea; labirintoa; pilota-etxea; mahai-futbol biziduna; indiar puzgarriak; altxorraren uhartea; igel formako txirrista; zaldi lasterketa; autobus puzgarria; gaztelu puzgarria; ludoteka; goming-a...

Buruhandiek eta Gargantuak ere Olarizura joateko gonbidapena jaso zuten.

Herri kirolak tontorrean

Hori guztia zelaietan izan zen, baina sasoian daudela erakutsiz gasteiztar ugarik mendi tontorrerainoko bidea egin zuen, eta handik hiriaren ikusmira ezin hobeaz gozatu zuten. Tontorrean, arratsaldeko seietan, herri kirolak izan ziren.

Udal Folklore Akademiako gaita-jotzaileek dantzan jarri zituen gazte asko, larrain-dantza eta Txulalai doinuetan trebeak direla argi utzi zutenak, eta 20.00ak aldera hiri erdigunera itzultzeko erromeria hasi zen. Txistulariek, gaita-jotzaileek eta trikitilariek udaletxerainoko bidea egin zuten, eta ordubete geroago, Gasteizko Plaza Nagusian, Udal Musika Bandaren emanaldiak, zezensuzkoak eta azken trakak bukaera eman zioten aurtengo Olarizuko erromeria handiari.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo