Israelek Beit Hanun herrian egin zuen sarraskia «gerra krimentzat» jo du NBEk
19 palestinar -tartean zazpi haur- erail zituen 2006ko azaroaren 8an Israelek Beit Hanun herriaren aurka egin zuen bonbardaketan. «Gerra krimen» baten aurrean geundekeela adierazi du Nazio Batuen Erakundeak.
GARA |
Israelgo Armadak Palestinako Beit Hanun herrian eragin zuen sarraskia «gerra krimentzat» jo daitekeela azaldu du Nazio Batuen Erakundeak, Desmond Tutu hegoafrikar apezpikuak zuzendu duen ikerketa-misio batek kaleratu berri duen txostenaren arabera.
Joan den maiatzean Gaza bisitatu ostean misio honek datorren ostegunean aurkeztuko du txostena NBEko Giza Eskubideen Batzordearen aurrean.
Hemeretzi hildako, hauen artean zazpi haur, utzi zituen Israelgo Armadak herri hartako errefuxiatu eremu baten aurka egindako erasoak. 2006ko azaroaren 8an jazo zen, goizaldean.
Aipatutako txostenak sarraskiaren irudi izugarriak ekarri ditu gogora: herritar gehienak lo zeudela hartu zituen erasoaldiak. Lehen jaurtigailu batek etxe baten aurka jo ostean jendea kalera atera zen, eta orduan beste hamabi bota zituzten.
Israelek zauri larriak zituzten askori ez zien Eretzeko muga zeharkatzen utzi. Kasu batzuetan, gainera, milaka shekel ordaindu behar izan zizkieten Israelgo anbulantziei.
Israelek bonbardaketa «akats teknikoa» izan zela argudiatu zuen bere garaian, eta sekretupeko ikerketa baino ez zuen agindu. Errudunek, nola ez, libre jarraitzen dute.