«Ruandako genozidioa gertatzen ari zela, Afrikan ez zen batere aipatu»
Dantzari eta koreografoa
Boris Boubacar Diop idazleak Ruandako genozidioari buruz idatzitako liburua irakurritakoan, Germaine Acognyk «Fagaala» ikusgarria sortu zuen. Japoniako Buto dantzako koreografo batekin aritu da lanean horretarako. Horrenbestez, gaur gauean, Biarritzeko Gare du Midi aretoan eskainiko den lan hori historian nazioartean izan diren tankera horretako genozidioak agerian jarri nahi ditu.
Ainize BUTRON | BIARRITZ
Germaine Acogny hirurogei bat urteko ibilbide luzeko emakumea da. Afrikako dantza garaikidearen «ama» izendatua, 1968an, Dakarren lehenengo dantza estudioa sortu zuen. Geroztik, dantza afrikarra ezagutarazteko hainbat proiektutan parte hartu du. Bere esanetan, bere amatxiren «berraragiztatzea» da. Yoruba kulturako apeza zen, izan ere. Ezagupen horretan oinarrituta, berezko dantza teknika bat sortu du, eta gaur egun, nazioartean Afrikako dantza garaikidea zabaltzen jarraitzen du.
Liburu batean oinarritu zara koreografia lantzeko...
Banekien nora nindoan, baina ez nekien oraindik nola eginen nuen koreografia liburua irakurri nuelarik. Japoniako koreografo batekin egitea pentsatu nuen, eta gero, horrelako ikusgarri bat lantzeko egokiak ziren dantzariak aukeratu ditugu. Dantzariek liburua irakurri dute. Beraiek, liburua irakurtzerakoan sentitu dituzten emozioak azaldu dituzte dantzaren bitartez. Hiru hilabetez aritu gara elkarrekin lanean Senegalen daukagun eskolan. Genozidioa bizi dutenen buruan sartzen saiatu gara.
Zer dela-eta horrelako gai bat?
Liburua irakurtzen duzularik zure buruari hainbat galdera pausatzen dizkiozu, eta horien artean, bakoitzak bere baitan hiltzeko duen ahalmena dago. Liburua irakurri dudalarik beldur hori izan dut, hiltzeko prest nengoela iruditu zait. Beldur horrek idaztera bultzatu nau.
Hamabost urte igaro dira genozidio hori gertatu zenetik, zergatik orain?
Rwandako genozidioa gertatu zelarik Afrikarrek ez genekien zer gertatzen ari zen. Gertatu ohi den bezala, europarrek aipatu dute arazoa, baina Afrikan inork ez zuen deus esaten. Gure historia gureganatzeko xedearekin elkarte bat osatu da, eta idazle batzuei horri buruzko liburuak idazteko eskatu zaie. Nik, emakume gisa genozidio hori aipatu nahi izan dut. Baina, koreografiak ez du bakarrik Ruandan gertatu dena azaltzen, historian zehar izandako genozidio guztiak mahai gainean jartzen ditu.
Afrikako dantzen ezagupena lortzeko lan egin duzu ...
Nazioarteko artista anitz gure kulturan inspiratu dira, baina ez dute esaten. Askotan ez dute onartzen lotsagarria izango balitz bezala. Artean ere hitza hartzeko ordua iritsi da.
Zuretzat erronka handia zen zure kontinenteko dantzak hedatzea?
Ez. Hasi dudalarik kirol irakaslea nintzen. Bi haur nituen, eta senarrarekin banatua nintzen. Hilabeteko sariarekin ez nuen nahikoa, eta, orduan dantza klaseak eskaintzen hasi nintzen. Hasiera batean behar bati erantzuteko hasi dudan lan hori arte bilakatu da.
Dantza garaikideak lortzen al du hedatzea Afrikan?
Dantza Afrikan beti izan da. Baina azken hamar urteotan Afrique En Créations edo Culture Danse egiturari esker gure kontinenteko dantza garaikidea hedatzen hasi da.