GARA > Idatzia > > Ekonomia

Hainbat eragilek sostengua helarazi diote Euskal Herriko Laborantza Ganberari

p028_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Baionako fiskalak Euskal Herriko Laborantza Ganberako (EHLG) lehendakari Mixel Berhokoirigoinek datorren ostegunerako Auzitegira joateko deia jaso ostean, alderdiek eta gizarte eragileek euren babesa helarazi diote laborarien elkarteari.

Hala, Batasunak adierazi du fiskalak hartutako erabakiarekin «Parisek laborantza eredua eta geroa bere gain hartzeko nahia zigortu nahi» duela eta «Estatuak Ipar Euskal Herriarekiko egiten duen ukazio politikaren beste urrats bat» dela.

Abertzaleen Batasunak ere ezin ozenago salatu du gobernuaren «ordezkari leiala den Paueko prefetaren erabakia». Berhokoirigoin auzitegira deitu izana «eraso onartezin bezain kriminala» dela gaineratu du: «Neurrigabeko itsukerian beste urrats bat eman nahian, Estatuak laborarien elkartea debekatu nahi du».

«Harrigarria»

Ingurumenaren defentsan jarduten duen CADE elkarteak, berriz, bere «harridura» azaldu du. «Ingurumena errespetuz jokatzen duen laborantza eredua sustatzeko EHLGk egiten duen ahalegina goraipatuta, CADEko ordezkari Victor Pachonek adierazi du «horrelako ekimenak sustatu ordez, suntsitu nahi izatea zinez harrigarria» dela.

LAB sindikatuak ere bere elkartasuna agertu dio Laborantza Ganberari. Guztiek ostegunean, irailaren 18an, eguerdiko 13.30ean, Baionako Auzitegiaren aitzinean egingo den kontzentrazioan parte hartzera deitu dute.

«Estatu frantseseko egitura publiko bat ordezkatzea» da fiskalak EHLGko arduradunari leporatzen diona. Epaileek arrazoi ematen badiote, 15.000 euroko isuna eta urtebeteko espetxe zigorra jaso lezake Berhokoirigoinek eta Laborantza Ganbera bera ixteko arriskua ere egon liteke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo