Sega Nazioartea
Euskaldunek hiru proba irabazi dituzte Alemanian
Lizaso, Altzo eta Gipuzkoa, taldeka, nagusi izan dira beren mailako lehiaketetan
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Emaitza bikainak izan dituzte Alemanian, Stuttgarten izan diren euskal ordezkariek, hiru probatan garaile atera baitira. Altzok eta Lizasok beren lehiaketak irabazi egin dituzte, eta taldekakoan, berriz, Gipuzkoako taldea atera da garaile.
Lehen postuak bakarrik ez dira izan, estreinako lautan ere euskal segalari mordoxka bat izan da, eta garbi geratu da nazioartean ere une honetan punta-puntan daudela.
Sega txikiarekin, Juanjoxe Lizasok irabazi zuen. Bera izan da Euskal Ligako onena, eta Alemanian ere maila bikaina eman zuen, bere proba irabaziz. Maila horretan, ordea, lehian aritu ziren beste bi ordezkarik ere oso maila ona eman zuten. Izagirrek hirugarren amaitu zuen, eta Pabi Astondoak, berriz, laugarren.
Sega handiarekin jokatu zen proban ere, euskaldunak atera ziren garaile. Mielmari Jauregi «Altzo» izan zen onena, baina bigarrena ere euskalduna izan zen, Joxe Gabirondo hain zuzen ere. Izagirrek, berriz, laugarren postuan bukatu zuen. Beraz, bakarkako mutilen bi probetan, emaitzak ezin hobeak izan ziren, euskal ordezkariek irabazteaz gain, lehen lauetan sartu baitzituen beste bi partaideak ere.
Hor ez ziren amaitu, ordea, garaipenak, izan ere, taldekako proban ere Gipuzkoako taldeak eskuratu baitzuen garaipena. Altzok, Gabirondok eta Lizasok osatu zuten talde hau, eta amaieran onenak izan ziren. Bizkaiak, aldiz zazpigarren amaitu zuen, eta bertan Pabi Astondoa, Igor Astondoa eta Etxeberria aritu ziren.
Iparralde taldeak, berriz, zortzigarren amaitu zuen. Talde hori Aldasorok, Ikutzek eta Izagirrek osatu zuten. Nafarroa taldeak, berriz, hamalaugarren amaitu zuen. Bera, Gerestak, Astondoak eta Antsak osatu zuten. Talde hau neskez bakarrik zegoen osatuta, eta taldekako mailan emakumezkoekin osatutako bakarra izan zen, eta lan ederra egin zuten.
Emakumezkoen probetan garaipenik heldu ez baldin bazen ere, ezin esan emaitzak txarrak izan zirenik, 17 urteti beherakoetan, Irati Astondoak bosgarren postuan amaitu baitzuen.
Maila nagusian, eta sega txikiko proban, berriz, Antsak zortzigarren postuan bukatu zuen lehiaketa, eta Gerestak, aldiz hamargarrenean.
Orokorrean, beraz, emaitzak oso onak izan dira, joan aurretik ere sinatzeko modukoak, eta euskal ordezkariak gustura etxeratu dira, atzo itzuli baitziren Euskal Herrira.