GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Alfaro eta Jannots dira Sarako ezuste nagusiak


J.L. | SARA

Sorhuet-Jannots eta Alfaro-Ezkurra II.a elkarren aurka neurtuko dira bihar arratsaldean, 18.30etik aitzina Sarako Pleka trinketean, Sarako Torneoko finalean.

Atzo eta herenegun jokatu ziren bi finalerdietan jendetza izan da Pleka zaharrean, eta zaleek partida ederrak ikusi ahal izan zituzten, batez ere atzo.

Herenegun, Sorhuetek eta Jannotsek 40 eta 15 hartu zituzten mendean Lanbert eta Ozafrain. Neurketa, ordea, emaitzak ematen duena baino estuagoa izan zen, ordu bat iraun baitzuen.

Hamahirugarren kintzera bitarte oreka egon zen markagailuan, baina ezberdintasuna aurrean egon zen, Sorhueten eta Lanberten artean alde handia baitago, eta hori agerian geratu zen. Pausuako aurrelariak zortzi kintze egin zituen saketik, eta bat bera ere ezin izan zuen burutu Lanbertek.

Tantoa amaitzean ere aldea nabarmena zen. Sorhuetek erraz amaitzen zuen, eta Lanberti asko kostatzen zitzaion, hortxe egon zen gakoa, eta hortxe egon zen amaieran markagailuak erakusten duen alde hori.

Gainerakoan, kintze luze eta ederrak ere ikusi ziren, eta jendeak ez zuen gaizki pasatu, nahiz eta amaieran markagailuak bestelakorik pentsaraz dezakeen. Partzialak honako hauek izan ziren: 2-2, 5-5, 8-8, 13-9, 20-11, 30-13 eta 40-15.

Atzoko finalerdia askoz ere orekatuagoa izan zen, baina amaieran Alfarok eta Ezkurrak 40 eta 34 hartu zituzten mendean Etxeberri eta Kurutxari 70 minututan pilota astintzen aritu ostean.

Markagailuan beti aitzinetik aritu zen amaieran garaipena erdietsi zuen bikoa, nahiz eta tartean berdinketa batzuk ere izan ziren. Markagailuan alderik izan ez baldin bazen, sakeekin ere ez zen handirik izan, izan ere, Alfarok zortzi kintze lortu zituen hasierako jokaldiari esker, eta bi gutxiago egin zituen Etxeberrik.

Partzialak honakoak izan ziren: 4-4, 17-12, 23-17, 31-31, 33-33 eta 40-34. Lau pilotariek eman dute maila ona, baina agian lauretan inor nabarmendu behar baldin bada, hori Alfaro da. Onenekin lehiatzeko aukera eman diote, eta ederki baliatu du aukera hori, bera izan baitzen bigarren finalerdi honetako onena.

Finala bihar arratsaldean jokatuko da, eta neurketa orekatua izango dela dirudi. Sorhuetek eta Jannotsek egun bat gehiago izango dute atseden hartzeko. Hala ere, gakoa atzean egon daiteke; Jannots ongi aritu da, baina Ezkurrak koska kentzen dio, eta horrek Alfaroren eta Ezkurraren alde jarriko du finaleko dirua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo