GARA > Idatzia > Iritzia > Editoriala

Krisiak ez dira kasualitatearen ondorio

Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak zenbait finantza enpresa handiren erreskateari ekin ondoren Lehman Brothers inbertsio banketxeak, AEBetako laugarren handienak, kiebra jo izanak finantza munduan argi gorria piztu eta krisiaren sakona nabarmendu du. Nazioarteko hamar banketxek finantza sistemaren bermea izango den diru funtsa sortuko dutela iragarri zuten. Erreserba Federalak ere sistema horri laguntzeko neurri gehigarriak iragarri zituen, eta Europako Banku Zentralak 30.000 milioi euro sartu ditu merkatuan oso interes txikian.

Krisi honek kontrolik gabeko liberalizazioa kolokan jarri du. Izan ere, haren aldekoek interbentzionismoa arbuiatzen dute, baina gauzak beraientzat bide onetik doazenean baino ez. Merkatua librea da, denentzat, baina batzuen arrisku handiko jardunaren ondorioei aurre egitea denon betebeharra omen da. Gobernuak orain hasi dira merkatuak eror ez daitezen neurriak iragartzen, orain arte izan ez diren mekanismoak. Baina krisia eragin duten faktoreekin zerikusirik izango ez balute bezala, arduratsu agertzen dira finantza munduaren gainbeherari aurre egiteko neurriak iragartzen. Hala egin du AEBetako Gobernuak hipoteka-finantzetako zenbait enpresa handi erreskatatzeko esku hartuz. Baina krisia ez da kasualitatez gaizki atera diren zenbait operazioren ondorio, sistema ekonomiko jakin baten ondorio logikoa baizik; sistema horren oinarria gero eta espekulatiboagoa baita, eta oinarri produktiboa gero eta txikiagoa. Eta gobernuek, inolako kontrolik gabe, espekulazioari esker dirutza irabaztea eta arrisku-jardunen ondorioz denon ekonomia kaltetzea onartu ostean, ondorioei aurre egitea denon betebeharra dela esango dute, «gerrikoa estutu beharra», alegia, eta finantza mundutik, hain zuzen, gastu soziala eta soldatak murriztea gomendatuko dute.

Adierazgarria da Lehman Brothers inbertsio bankuaren kiebrak 25.000 langile langabezian utzi izana bigarren mailako datua izatea. Okerrena ez da igaro. Iturri ofizialak gorabehera, egitateek hala adierazten dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo