GARA > Idatzia > > Kirolak

PARALINPIAR JOKOAK

Beijingeko ikuskizunari amaiera eman diote

p042_f02_088x108.jpg

GARA | BEIJING

Beijingeko Paralinpiar Jokoak atzo amaitu ziren sekulako ikuskizun batekin. Ekitaldiak aho-zabalik utzi zituen berriro ere Txori Kabian bildutako ikusleak eta mundu osoan zehar telebistaz begira izan zituenak.

Uda zoragarriaren amaieraren metafora bezala, astigar osto gorriak milioika bota zituzten, kanpoaldean su artifizialek zerua kolorez argitzen eta estadioan dantzariek Guanyineko mila eskuen dantzari ekiten zioten bitartean.

Boris Johnson Londreseko alkateak lekukoa hartu eta gero, zuziri Olinpikoa itzali eta agur esateko ordua heldu zitzaion Beijingi.

Balorazioak egiteko unea iritsi da. «Ikusgarria» izan da gehien erabili den hitza, baita Paralinpiar Joko hauetan ere, bai antolakuntzari eta bai kirol mailari dagokienez, nahiz eta giza eskubideen aldeko erakundeen salaketak ere, ahal izan den neurrian, entzuterik izan den.

Olinpiar Jokoekin gertatu zen bezala, domina zerrendaren gailurrean amaitu du Txinak, Atenasen lortutako emaitzak hobetuz eta bigarren sailkatuaren dominen kopurua bikoiztuz. Guztira, 211 domina lortu dituzte etxekoek -89 urrezkoak- eta 2012ko Jokoak antolatuko dituen Britainia Handiak, berriz, 102 -42 urrezkoak-.

Banatutako azken dominei antzik ere ez zieten hartu bi hauek, izan ere, Mario Santillan mexikarrak, Tito Sena brasildarrak eta Walter Endrizzi italiarrak bete baitzuten Jokoen amaierako maratoiaren podiuma.

Hamar domina

Gertu ibili zen euskal ordezkaritzaren azken parte-hartzailea. Atlantan eta Sidneyn urrea eskuratu ondoren -Atenasen ez zen maratoirik egin-, hamaikagarren postuan amaitu zuen atzo Javi Condek, hezetasunak izugarri gogortutako lasterketa baten ondoren.

Bizkaitarrak asko sufritu zuen, batez ere 26. kilometroaren inguruan, baina aurrera jarraitzea erabaki zuen eta, izan ere, sekulako txaloaldia jaso zuen Kabian sartzerakoan, ikur txinatar batekin eman baitzuen azken buelta, antolakuntzak egindako lana eskertzeko.

Euskaldunek hamar domina lortu dituzte Joko hauetan berriro ere; ia erdia, Richard Oribek irabazi ditu. Donostiarra estilo libreko 100 metrokoan estreinatu zen, zilarra eskuratuz eta, ondorengo egunetan beste hiru eskuratu zituen: urrezkoa 200 metrokoan eta zilarra 4x50 metrokoan eta 50 metrokoan. Kuboan heldu ziren Sandra Gomezek lortutako zilarra eta Sara Carracelasek bere urtebetetzea ospatzeko irabazitako brontzea ere.

Txirrindularitzak beste bi domina eskaini dizkio euskal kirolari, Javier Otxoaren eskutik: urrea erlojupekoan eta zilarra errepidean.

Yolanda Martine eta Santi Pesquera, azkenik, podiumaren bigarren postura igo ziren Boccian, bikote mistoen txapelketan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo