HARRI-JASOTZEA Desafioa
Izeta eta Irigoien apustua jokatzeko irrikaz agertu dira
Aiarra eta errezildarra hilaren 28an arituko dira Tolosako zezen-plazan, eta 20.000 euro dituzte jokoan
Jon LEUNDA | TOLOSA
Dena prest dago hilaren 28an Tolosako zezen-plazan Aimar Irigoienek eta Joxeramon Iruretagoiena Izeta II.ak jokatuko duten apustu handirako. Kirolari bakoitzak 137,5 kiloko harria erabili beharko du, eta hamar minutako hiru txanda izango dituzte lanerako. Bakoitzak 20.000 euro jokatuko ditu.
Atzo egin zen desafio honen aurkezpena Tolosako udaletxean, eta Udaleko Kirol arduradun Oskar Guerrerok, esan zuenez, apustu hau antolatzeko aukera ikusi zutenean ez zuten zalantzarik izan: «Apustu hau egin zutenean, eta Tolosan jokatzeko aukera eman zitzaigunean, ez genuen zalantzarik izan. Tolosako zezen-plaza eta desafioek lotura estua dute, eta ikusita zer nolako tamaina hartuko duen honek, ez genuen zalantza izpirik ere izan», adierazi zuen Guerrerok.
Kirolariak, berriz, urduri eta gogotsu agertu ziren: «Presio handia sumatzen dut, eta urduritasuna ere ezin dut gainetik kendu. Niretzat, gainera honelako zerbait egiten dudan lehen aldia da. Lehendabiziko aldiz apustua, eta hiru hamarrekotara jokatuko dudan lehen aldia ere bai. Horrek beti ematen dizu kezka baina, aldi berean, eguna heltzeko irrikaz nago», adierazi zuen.
Izeta II.ak ere antzeko hitzak izan zituen: «Honelakoetan normala da nerbio puntua izatea, apustu handia baita. Nolanahi ere, nik Aimar txiki-txikitatik ezagutzen dut, nirekin entrenatzen ere aritu zen, eta beti izan gara lagunak. Orain lan on bat egin nahi dugu, irabazi edo galdu, jendea gustura gera dadila. Eta geure artean, berriz, irabazten duenari bostekoa eman, eta berriro ere lagun izatea, hori izango da garrantzitsua», esan zuen aiarrak.
Aimar honelako kontuetan berria da, Izetak, ostera, bat baino gehiago jokatu ditu, eta azkenekoa, orain dela bost urte Goenatxoren aurka. Gauzak ez direla asko aldatzen onartu zuen Aiako harri-jasotzaileak: «Egia esan, prestakuntza aldetik gauzak berdintsuak dira, aldatzen dena adina da. Nik orduan, baino bost urte gehiago ditut orain», esan zuen. Apustua prest dago, eta kirolariak ere bai. Zaleek ere ondo erantzungo dute, denak desafio honekin gozatzeko irrikaz baitaude.
Aurretik, igande honetan, Marijose Sardonek marka saialdia egingo du Irurako pilotalekuan, 18.30ean hasita. 100 kiloko bola jaso nahi du bost minutuko txanda bakar batean.