GARA > Idatzia > > Euskal Herria

UEUk udazkenean ere ikastaroak eskainiko ditu Eibarren eta Iruñean

GARA |

Udako Euskal Unibertsitateak ikastaroak antolatu ditu Eibarren eta Iruñean udazken honetarako. Gai anitz jorratuko dira; Eibarren esate baterako, »Jendaurreko komunikazioan trebatzeko tailerra» prestatu da, urriaren 11n eta 18an, edukia hemezortzi orduan emango da. Izena emateko epea zabalik dago urriaren 3a arte. Hitz egiteko gaitasuna, komunikazio gaiak eta hitzaldia osatzen laguntzeko baliabideak landuko dira.

Euskal kulturarekin lotutako bi ikastaro ere antolatu dira: «Haur kantak eta jolasak» tailerraren bidez, euskal kulturaren ahozko transmisioa bultzatuko da, garrantzitsutzat jotzen baita haurren heziketan aditasuna, kontzentrazioa, memoria eta sentsibilitatea garatzeko. Tailerrak urriaren 21etik azaroaren 13ra, iraungo du; astearte eta ostegunetan izango da, 18.00etatik 20.00etara. «Euskal ipuinak eta mitologia» tailerrean, berriz, gure kulturaren arlo horiek jorratuko dira eta ipuinak sortzeko teknikak landuko dira. Saioak azaroaren 8an, 15ean eta 22an emango dira, guztira, 15 ordu. Izena emateko epea zabalik dago urriaren 31a bitarte.

Norberaren ezagutzarekin eta adierazpenarekin lotutako beste bi ikastaro ere eskainiko dira Eibarren. Azaroaren 8an, Amaia Zubiria kantariak «Kantua aitzakia: Espresio tailerra» emango du 15ean eta 22an. Kantua erabiliz, arnasa, ahoskatzea eta espresioa landuko dira. Bestetik, «Gatazken konponketa: Zeintzuk dira gure aukerak?» tailerrean pertsonon artean izaten diren harremanetan sortzen diren gatazken inguruko ikerketa egingo da, bereziki nerabeekin lan egiten dutenekin, esku-hartzeko estrategiak landuz. Azaroaren 15ean eta 22an izango dira, 10 ordu iraungo dute. Azkenik, teknologiarekin lotutako tailer praktikoak eskainiko dira: «Teknologia berriak gaur egungo hezkuntzan», «Morfologiako eta sintaxiko ariketak konputagailuaren bidez» eta «Ordenagailuz lagundutako itzulpena».

Iruñean berriz, urriaren 9tik azaroaren 20a bitartean »Nazioarteko geopolitikan aktore berrien agertzea» deritzon ikastaroa emango dute ostegunetan, 18.00etatik 20.00etara. Ikastaroak, guztira, 14 ordu izango ditu. Halaber, Txente Rekondo, Nazioarteko Ikerketarako Euskal Lantaldeko kidearen eskutik AEB, Txina, India eta Errusia herrialdeen, nahiz islamismoaren eta Estatu gabeko nazioen errealitateak ezagutzeko aukera izango dugu.

Bergarako eta Tuterako UNED

Bergarako UNEDek eskaintza akademiko zabala aurkeztu du. Hilaren 23an Donostiako Koldo Mitxelena aretoan aurkeztuko dute. Bestetik, Tuterako UNEDek matrikulazio epea zabaldu du. UNEDek aurten egoitza berria ireki du Milagron.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo