«Ukrainan ezinbestekoa dugu dantza klasikoa gure bizitzan»
Kiev Moderne Balleteko zuzendaria
Kiev Modern Ballet konpainiak gaur gauean, Gare du Midi aretoan «Bolero» eta «Pluie» izeneko bere azken bi lanak eskainiko ditu Maitaldia jaialdiaren karietan. Klasikoan oinarriturik, konpainia egungo Ukrainako dantza berritzailearen ordezkari nagusia da. Radu Poklitaru koreografoak, Ukrainan herrikoiak diren dantza klasikoak oinarritzat hartu eta era modernoan berridatzi ditu.
Ainize BUTRON | BIARRITZ
Radu Poklitaru Kiev Modern Ballet konpainiako koreografoa Ukrainako egungo dantzaren belaunaldi gaztearen ordezkari nagusia da. Dantza klasikoan oinarritzen bada ere, dantza garaikidearen hizkuntza barnatzen du sorkuntzetan. Biarritzeko Maitaldia jaialdian parte hartzeko atzo arte bisak izango zituzten zalantzan zeudela-eta, Oxana Melnychuk konpainiaren zuzendariak hitz egin du beraien izenean. «Garaian Berlingo harresia zegoen Europa ekialdea eta mendebaldea banatzeko. Gaur egun, horma hori Ukrainako mugetan kokatu da», goraipatu zuen konpainiak Ukrainatik kanpo ikuskizun bat eskaintzeko orduan dituzten bisa arazoak salatzeko.
Ukrainan dantza eta musika klasikoa kulturan barneratuak dira....
Konpainia independentea da ballet hau. Proiektu pribatua da, Ukrainako mezenas batek ordaintzen du. Gure herrian, dantza akademiko tradizionala dago, eta gure kulturarekin lotura estua du. Kiev Modern Ballet konpainiak alternatiba bat ekartzen du. Ballet Biarritzen antzera, estilo neoklasikoan murgiltzen da.
Dantza akademikoa aipatzen duzularik, ofiziala erran nahi duzu?
Bai, Estatuak sostengatzen duena. Gure kulturan garrantzia handia dauka dantza horrek baina, une batean, belaunaldi berriek dantzaren hizkuntza berriak aztertu nahi izan dituzte. Kieveko balletak hamabi urte ditu, eta gaur egun oso herrikoia bilakatu da. Konpainiako dantzariak ez dira eskola ofizialetik atera eta, beraz, kultura munduan Ukrainako gazte belaunaldi berritzat hartuak dira. Biarritzen eskainiko ditugun, «Bolero» eta «Pluie» sorkuntzek Ukrainako dantzari gazteen izpiritu berritzaile hori ordezkatzen dute. «Pluie» lanak eslabiar kulturan murgilduko ditu ikusleak; «Bolero», berriz, askatasunaren himno bat da.
Hamazazpi urte igaro dira Ukrainak independentzia lortu zuenetik, hori berrikuntzarako lagungarria da...
Belaunaldi berriko askok ez dute Sobietar Batasuna ezagutu. Influentzia berriak dituzte. Kanpoan egiten dena ezagutzen dute. Baina kanpoko eraginak baditugu ere, gure kulturak sorkuntzetan bizirik jarraitzen du. Berrikuntza bat izateko eskakizun handia dago.
Dantza klasikoa herrikoia dela diozu....
Ez da beste dantzarik izan gure herrian. Herritarrek oso gustuko dute operara joatea. Haurtzarotik operara joateko usaia daukagu, eta hori gure kulturan barneratua da. Ezinbestekoa dugu gure bizian dantza klasikoa.
Kultur mailako berrikuntza hori arlo guztietan egiten al da?
Iraultza Laranjaren garaian esperantza handia sortu zen, nahiz eta iraultza horretan geratu den. Halere, bakoitzaren izpirituak zabaldu ditu. Ukrainak Errusiaren itzalean jarraitzen du. Halere, arte mailan, Europako abangoardia Kieven sortu da. Aberastasun hori, gaur egun, berriz ere pizten ari da.