GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Gazte independentisten elkargune bilakatuko da Hernani, urriaren 25ean

Independentzia Egunaren xedea da Euskal Herrian ezarritako salbuespen egoera salatzea eta gazteria independentistaren elkargune izatea. Horretarako egun osoko jaia antolatu dute gazte independentistek.

p011_f02_111x111.jpg

Maider EIZMENDI |

«Euskal Estatu Sozialista eraikitzeko bidean antolatzen eta borrokatzen» diren guztien elkargune izan nahi du datorren urriaren 25ean Hernanin gazte independentistek antolatu duten Independentzia Egunak. «Indarrak hartu eta etorkizun berria marrazteko konpromisoa erakusteko» zita gisa ere definitu zuten atzoko agerraldian Jon Telleriak eta Ainara Bakedanok. Egitaraua ez dago oraindik guztiz zehaztuta, baina aurreratu zuten, besteren artean, sokatira txapelketaren finala izango dela, eta gauean jaialdia.

Gogora ekarri zuten, uda hasieran «herri berri bat pizteko» deialdia egin ziotela gazteriari, «herri hau Espainiako Konstituzioaren eta Frantziako Errepublikaren kartzeletan mantentzeko antzezpen lanetan arituko zirela ohartuta». Bada, euren susmoak berretsi egin direla adierazi zuten. Ildo horretatik, ahotan hartu zuten urriaren 25ean egitekoa zen herri-galdeketa. «Erabakitzeko eskubidearekin sortu duten zirkuak berriz ere beren diru gosea agerian utzi du, PSOEk kontsulta legez kanpokotzat jo duen une berean aurrekontuak negoziatzeko lotsa izpirik ere ez dute-eta izan», salatu zuten.

Halaber, «gerra estrategian ere azkartzea» gertatu dela salatu zuten. «Errepikatu egin dira militante independentisten aurkako erasoak: Oarsoaldea, Barañain... Azken adibideak aste honetan bertan jasan ditugu, EAE-ANVren legez kanporatzea eta amnistiaren aldeko mugimenduaren aurkako epaia». Hain zuzen ere, epai hori eta hainbat kide espetxeratu izana salatu, eta horiekiko elkartasuna adierazi zuten gazte independentistek. Operazio guztiek helburu bera dutela adierazi zuten: «Gure ekinbide politikoa desitxuratzea eta borrokara batzen ari garen belaunaldi berrien artean etendura sortzea».

Guztiaren aurrean, ordea, herriz herri independentziaren aldeko aldarria nabarmena izan dela ohartarazi, eta bi mezu nagusi entzunarazi dituztela esan zuten: «Lehenbizi, herri hau askatasunean bizitzeko, herri hau biziko bada, Independentzia behar dugula, Euskal Estatu Sozialista eraiki behar dugula; bigarrena, kolpeak kolpe, hemen, gazte belaunaldi bat prest dagoela lekukoa hartu eta herri hau azken helmugaraino eramateko».

Beraien hitzetan, Euskal Herrian ezarri duten salbuespen egoerak mugimendu independentista suntsitzea du xede, «EAJ eta NaBai alternatiba bakar gisa» jartzeko herritarren aurrean.

Alde horretatik, proposamen serioak aldarrikatu zituzten: «Herri honen aitormena, eta aske erabakitzeko bidea».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo