GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Kronika | Euskal Herriko laborantza ganbera auzitegian

Berezko nekazaritzaren defentsak hartu zuen Baionako Auzitegia

Eguerdiko ordu bietan ekin ohi dio Baionako Auzitegiak arratsaldeko saioari. atzo, ordu horretarako eraikin aurreko plazatxoa jendez lepo zegoen. Euskal Herriko Laborantza Ganberaren kontrako «erasoaren» garrantziaz jabetuta, bere lehendakari Mixel Berhokoirigoini elkartasuna adieraztera bertaratutako dozenaka lagunek bete zuten.

p006_f01_148x120.jpg

Arantxa MANTEROLA

Poliziaren kontrola igarota auzitegiko areto nagusira sartu ziren bakanek ez zuten, ordea, denbora asko bertan egin. Izan ere, epaileburuak Berhokoirigoinen abokatuak egindako eskaera onartu eta epaiketa urtarrilaren 29ra atzeratu zuen. Epe horretan «defentsa behar bezala prestatzeko» nahikoa denbora izango duela esan zuen EHLGko lehendakariak. Baina gorabehera juridikoez gain, lau hilabete horiek Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoko laborantzak «ezinbesteko» duen egitura sostengatzeko eta duela hiru urte eta erdi abiatutako lanarekin jarraitzeko erabili nahiko luke, berak eta Ipar Euskal Herriak «nekazaritza eredu iraunkorra eta lurraldeari egokitutakoa» behar duela uste duen orok.

Horretara dei egin zien auzitegitik irten bezain laster bildutako ia hirurehun lagunei: «Benetako partida orain jokatuko da, Ganbera duela 30 urte hasitako istorioaren segida baita, eta hartutako bidea ezin dugu eteten utzi».

Gizarte eragile, alderdi eta sindikatu askotariko ordezkari eta jende ezaguna ikus zitekeen atzokoan, hala nola, Batasuna, AB, EA eta Berdeetako hainbat ordezkari eta hautetsi. PSko bi kontseilari ere -Kotte Ezenarro eta Sylviane Alaux- bertan ziren eta, nola ez, sindikalgintzako esparruko (ELB, EHNE, LAB, ELA eta CFDT) kideak ere bertan izan ziren. Gerard Onesta Europako Parlamentuko lehendakariordeak (Berdeak) sostengua helarazi zion gutun baten bidez. «Aniztasun honek EHLGk duen joera politiko eta gizarte esparru ezberdinetako atxikimendua» erakusten duela esan zuen Berhokoirigioinek guztien sostengua eskertu aitzin.

«Akusatzaile» berria

Hitz gogorrenak Paueko Laborantza Ganbera ofizialarentzat izan zituen. Bezperan horren berri izan bazuten ere, epaitegian egiaztatu zuten Departamenduko Ganbera akusazio zibila izango dela. «Prefetarekin eskuz esku, EHLGren kontra egin du. Egungo krisiak nekazal esparrua horren gordinki kolpatzen duen uneotan, beste zeregin premiazkoagorik ez ote du?», galdetu zuen Gamarteko laborariak, «hasieratik EHLGk bere asmo eta helburuak argiki adierazi dituelarik, orain Estatuarekin bat eginda erasoan etortzea ulertezina» egiten zitzaiola aitortuta.

Halaber, askotan goraipatzen den lurraldeotako dinamismoaren erabilpena salatu zuen: «Gaitziko hitzak entzuten ditugu, baita duela gutxi Fillon lehen ministroaren ahotik ere. Omen, hemen sekulakoak egiten ditugula, Euskal Herria 2010, edota 2020 plana prestatzen jende andana aritu dela eta antzekoak. Zertara datoz hitzok, gero, Ipar Euskal Herriak bere garapenerako behar dituen tresnen kontra egiteko?», gaineratu zuen EHLGko buruak.

Aitzina ekiteko grina hori ez duela, ez «nonbaitetik etorritako prefeta batek» ezta «laguntzaile berriak» ere itzaliko adierazi zuen ziurtasunez baina arriskuaren jakitun. «Estatua orain arte oztopoak jartzen aritu da -honako hau hirugarren eraso juridiko-administratiboa da- baina gaur bilatzen duena EHLG behingoz geldiaraztea da gero eta eremu zabalagoak irabazten ari dela ikusten duelako. Guretzat, ordea, imajina ezina da urteetako lana galtzen uztea», gaineratu zuen bertaratutakoen adostasuna jasoz.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo