GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Plan Orokorra alboratzeko eskatu du Astigarragako ezker abertzaleak

EAJren eta EAren artean Astigarragan aurrera atera nahi duten Plan Orokorraren kontra dagoela adierazi du ezker abertzaleak, eta, horregatik, «biztanleen benetako beharren alde eta benetako demokraziaren izenean» alboratzeko eskatu die, eta horren ordez beste bat idazteko.

p020_f02_199x124.jpg

GARA |

Astigarragako ezker abertzaleak ezinbestekotzat du bertako Plan Orokorrari alegazio bakar eta orokorra aurkeztea, eta plan hori eratu duten agintariei eskatu zien atzera egiteko. Azaldu zutenez, argudio ugari daude ekimenari ezetza emateko, eta, batez ere, biztanleen «benetako beharren alde eta benetako demokraziaren izenean» alboratzeko eskatu dute, guztien onerako izango den beste plan bat guztiak bat etorrita erabakitzeko.

Herriari hitza emanez gero, Plan Orokorra ez litzatekeela aurrera aterako adierazi zuen ezker abertzaleak, eta, azken hauteskundeetako emaitzak kontuan hartuz gero ere, horixe bera gertatuko zela.

«Horrexegatik ez diote hitza herriari eman nahi. Zapaterori eskatu bai, nahiz eta beraiek hemen ez hitzik eman, ez errespetatu». Jarraian, salatu zutenez, «kanpoan uso, etxean otso» jokatzen ari dira alderdiok.

Horrekin batera, 2007ko udal hauteskundeetan Plan horren aldeko kanpaina soilik EAk egin zuela azaldu zuten, eta gogora ekarri, EA udalerriko bigarren indarra izan zela. Ezker abertzaleak emaitzetan alde handia atera zionez, Planak aurrera egitea ez dela bidezkoa adierazi zuten.

«Tamaina handiko aldaketak egitera doaz herrian eta dena gutxiengoaren izenean». EAri eta EAJri galdetu zieten, beraiek eurek ere babesten ez duten lege horretaz baliatu behar ote diren Plan Orokorra onartzeko.

Plana AHTren geltoki intermodala ezartzeko asmoz egina dela gaineratu dute, eta, horren harira herritarrei galdetuz gero, azpiegitura hori ez litzatekeela Astigarragatik igaroko uste dutela.

Ezker abertzaleak gogor kritikatu zuen EAk eta EAJk «korrika eta presaka» bideratu nahi dutela Plan Orokorra «sustatzaileen mesedetan» eta astigartarrei «berriro bizkarra emanez». Parte-hartze prozesuan, herriko taldeek EAren eta EAJren artean kudeaturiko udalarekin izandako bileretan egin zituzten ekarpenak ez dituztela kontuan hartu ere salatu zuten.

Oreka zaindu

Ezker abertzalearen iritziz, halako Plan bat behar bezala bideratzeko, ezinbestekoa da etxebizitza berrien eta ezarri beharreko zerbitzuen arteko «oreka» bermatzea, ekarriko lukeen biztanleriaren hazkundea zenbatekoa den aintzat hartuta.

Beraien ustez, honakoan, balantzak nabarmen egiten du etxebizitza kopuruaren alde, orekaren kaltetan. Planean aurreikusitakoaren arabera -800 etxebizitza, lehenengo lau urteetan-, Astigarragako eraikin handienak izango dira, beheko solairua gehi zazpi pisu izango dituzten eraikuntzak eta hotela aipatzen baitira. Horrek hautsi egingo luke orain arteko oreka.

Gainera, Plana gauzatu ahal izateko, Astigarragan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ikasteko aukera izateko aurreikusita zegoen lur erreserba ezabatu egin dutela salatu zuten.

HERRI BORONDATEA

Udal hauteskundeetako emaitzak errespetatuz gero, Plan Orokorra ez zela aurrera aterako gogorarazi du ezker abertzaleak, eta EA eta EAJ gutxiengoa direla.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo