Hezkuntza Sistema Nazionala eraikitzea izango da aurten ere EHBEren erronka nagusia
Euskal Herriak Bere Eskola herri ekimeneko kideak pozik daude Hezkuntza Sistema Nazionalaren bidean egindako lanaren emaitzak jasotzen ari direlako. Ibarran egindako bileran, beren konpromisoa berretsi dute.
GARA |
Euskal Herriak Bere Eskola herri ekimenak (EHBE) ikasturteko lehen Koordinazio Batzarra egin zuen atzo Ibarran. Bilera bertan egiteko erabakia ez da ausazkoa izan; izan ere, azken hileetan herri hori astindu duen gaia aztertu, eta Euskal Herri osoko arazoa den Haur Eskolen gaineko iritzia osatu nahi izan baitute. Prentsa ohar batean salatu dutenez, Ibarran «herri proiektu oso baten parte» zen Haur Eskola sare publikoan txertatu dute, eskolaren eta herritarren iritzia kontuan hartu ere egin gabe.
Erabaki horrek ondorio ugari dituela azaldu dute EHBEko kideek, besteak beste, «irakasle asko kaleratzea, gurasoak haserretzea, herritarrak harritzea», eta, batez ere, Ibarrako haurrei eta herriari berari egindako kaltea, «aurrerantzean Ibarrako Haur Eskola ez delako ibartarrek behar eta nahi dutena izango». «Euskal Herriak Bere Eskola ekimenak mila bider aldarrikatu badu ere, gaurkoan berriro ere esango dugu Haur Eskolak hezitzaileak, euskaldunak eta tokian tokiko herri proiektuan txertatuak izan behar dutela». Hala behar duela izan adierazi dute, Ibarran bezala, Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta beste hainbat herritan urtero izan ohi diren arazoak gogorarazi ostean.
Ekarpenak egiteko beste txanda
Ikasturte berrian egin beharreko lanari dagokionez, EHBEko kideek nabarmendu dute Hezkuntza Sistema Nazionala «aldarrikatzea, borrokatzea eta eraikitzea» izango dela beren erronka nagusia. Azken urteetan bide honetan lan handia egin dela azaldu dute, eta lan horren «emaitzak» jasotzen ari direlako pozik agertu dira.
Alde horretatik, adierazi dute iragan ikasturte amaieran Euskal Curriculuma Kursaalen aurkeztu ostean, hezkuntza komunitatea «erronka» berri baten aurrean dela: «Euskal Herriko ikastetxeetan ekarpen fasearen bigarren buelta egingo da».
Horregatik, EHBEk eskolaz eskola egingo diren eztabaidetan parte hartzera deitu ditu euskal ikasle, irakasle, guraso zein herritarrak.
«Europan inoiz izan den Curriculum parte-hartzaileena sortzera goaz» iragarri dute, gaineratuz, «sortzen den egitasmoa osatua, demokratikoa eta burujabea izan dadin, guztion parte-hartzea ezinbestekoa» izango dela.
Unibertsitate propio baten bidean ere «urrats atzeraezinak» eman direla adierazi dute, besteren artean, Euskal Unibertsitatea sortuko duen Fundazioa eratzea. Ikasturte honi begira, berriz, urrats berriak ematea espero dute. Izan ere, «euskaldunontzat historikoa izan den aldarrikapena egunez egun bilakatzen ari da» nabarmendu dute, eta inork zalantzarik izatekotan, Euskal Unibertsitatea egin egingo dela berretsi dute.
Asteotan hitzetik hortzera dabilen hizkuntza ereduen gaineko auziari dagokionez, adierazi dute Lakuako Hezkuntza Sailak egitasmoarekiko izan duen hasierako «mesfidantza», orain «mespretxu» bilakatzen ari dela, eta sailburuaren «borondate eta ausardia falta» salatu dute.
«Euskararen biziraupena eta garapena ziurtatuta egon dadin, Euskal Herri osoan eskolaren bidezko euskalduntzea bermatu behar da», nabarmendu dute EHBEko kideek.