Top 14
Estu eta larri ibili arren, Avironek ez du hutsik egin
Bolavucuk lortu zuen entsegua erabakigarria izan zen amaieran, jokaldi horri esker, zuri-urdinek amaieran lau puntu batzeko modua egin baitzuten
Jon LEUNDA | BAIONA
Kostata, uste baino dezente gehiago, gainera. Hala ere, irabazi egin zuen atzo Avironek Stade Montoisen aurkako partida, eta sailkapeneko goialdean jarraituko du. Bost partida jokatu ditu talde zuri-urdinak, eta lau irabazi egin ditu.
Partida berezia zen atzokoa, aurrean Mont de Marsaneko talde igo berria baitzuten, eta euskaldunen eta Landesekoen arteko partidak derbiak izaten dira. Gainera, aurrean zuten taldean Avironen bezainbeste jokalari euskaldun aritu ziren, eta haientzat ere neurketa hauek oso bereziak dira.
Partida estua lehen minutuetatik izan zen, eta amaierara bitarte horrelaxe izan zen. Derbi gutxitan ikusi ohi da joko ikusgarria, eta atzokoan ere ez zen izan. Goiz aurreratu zen talde euskalduna Edmondesek gauzatutako zigor-kolpe bati esker, baina Arraietek berehala berdindu zuen beste jaurtiketa batez.
Edmondesek berriro ere jokaldi berari esker aurretik jarri zituen euskaldunak, baina Arraietek bi gauzatu zituen, eta 3-6 aurretik jarri zuen Landeseko taldea, eta emaitza horrekin joan ziren atseden hartzera.
Bigarren zatia hasi eta berehala, Bolavucuk egin zuen euskaldunen entsegu bakarra, eta azkenean horrek erabaki zuen partida. Edmondsek ez zuen ostikoarekin hutsik egin, eta partida zuri-urdinen alde jarri zuen. Hortik amaierara zigorren bidez bakarrik etorri ziren puntuak, eta Avironek lortutako entseguak urrearen balioa izan zuen, amaieran horri esker eraman baitzituen lau puntuak. Mont de Marsanekoek ere defentsan egindako lanari esker, puntu bat batu zuten.