GARA > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa

Iratxe Esnaola Arribillaga informatika ingeniaria

Microsoft eta EAEko deialdi publikoak

«EAEko ikastetxe publikoetan jarrita dauden informatika ekipamenduetako Microsoft Windows eragiteko sistemak mantentzeko lizentziak eta Microsoft Office lizentziak erabiltzeko eskubidea berritzea kontratatzeko lizitazioa». EAEko Administrazioaren deialdi batek biltzen dituen lerro bakan horiek hainbat galdera sorrarazi dizkiote Iratxe Esnaolari, artikulu honetan beste horrenbeste kontraesan agerian uzten dituzten galderak, hain zuzen.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria» deitzen dioten horretan irailaren 5ean argitaratu zuten deialdia (beraien euskara teknikoan, literalki): «EAEko ikastetxe publikoetan jarrita dauden informatika ekipamenduetako Microsoft Windows eragiteko sistemak mantentzeko lizentziak eta Microsoft Office lizentziak erabiltzeko eskubidea berritzea kontratatzeko lizitazioa». Euskara teknikoa ez da izan daitekeen zuzen eta egokiena, baina tira, ez da txoko honetara ekartzeko arrazoia eta, beraz, ezikusiarena egingo dut, oraingoz, artikulu hau idazteko arrazoi nagusia deialdi honen sasipublikotasun izaera baita. EAEko Administrazioaren deialdia izanik, deialdi publikoa dela ulertu beharko. Baina beste eremu edota kasu askotan gertatzen den gisan, deialdi publikoa izanagatik, ez da denentzako deialdia, zeren aldizkaria argitaratu aurretik esleipena emanda baitago. Eta ez nolanahiko esleipena, gainera: oinarrizko aurrekontua 517.239,83 eurokoa da!

Baina nork eskaintzen ditu Microsoft Windows sistema eragilearen lizentziak? (beraiek «eragiteko sistema» kontzeptua erabiltzen dute). Nork? Microsoftek? Soilik Microsoftek? Ezin al ditu beste inork eskaini? Eta hark eskaintzen baditu, nork mantendu beharko ditu lizentzia horiek guztiak indarrean, Microsoftek? Eta Microsoft Office-ren kasuan? Nork berritzen ditu lizentziak? Norentzat da, beraz, iragarkia eta, ondorioz, ia milioi erdi euroko aurrekontua? Ez al da, bada, deialdi publikoa? Ez dut ezer ulertzen. Edo bai?

Microsoft Office-n kasuan, gainera, oso gustuko dut euskarazko bertsioan erabili duten esaldia, nik azaldu nahi nituen kontutxo batzuk agerian uzten baititu. Gaztelaniazkoak dio: «contratación de la renovación de licencias de Microsoft». Euskarazkoak, berriz: «Microsoft Office lizentziak erabiltzeko eskubidea berritzea». Eta «erabili» eta «eskubide» hitzak sartu izanak poztu nau. Badago atzean, nola edo halako, baina nahigabeko, aitorpen bat.

Hasteko, eta «erabili» aditzari erreferentzia eginez, ez nuke esango Microsoften programen lizentziak erabili egiten direnik, Microsoften programak erabiltzeko lizentziak ordaindu egin behar direla baizik. Alegia, Microsoften programak erabili ahal izateko ordaindu egin behar da, eta horri deitzen zaio, hain zuzen, lizentzia. Eta hori nola ulertzen da? Programa erabiltzeagatik ordaindu egin behar al da? Normala al da Microsoft-en programa bat erabiliko duen ordenagailu bakoitzeko lizentzia bat ordaindu behar izatea? Ez al da, bada, programa berbera, ordenagailu guztietan instalatuko dena? Zergatik ordaindu ordenagailu bakoitzeko? Zenbat ordenagailu daude guztira EAEko ikastetxe publikoetan? Eta noski, lizentziak behin eta berriz berritzen dira. Ez dira betirako. Eta, beraz, ikastetxe publikoetako lizentziak berritu behar diren bakoitzean, 517.239,83 euro edo gehiago xahutu behar al dira? Ez da egokia aurrezte terminoetan soilik hitz egitea, baina pentsa zenbat diru aurreztu daitekeen epe laburrera, ertainera edo luzera. Ez gaude ustezko krisian, ala? Ez EAEko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila; ez behintzat, Microsofti ordaindu behar dionean.

Bestetik, «eskubide» hitza erabiltzen dute euskarazko adierazpenean. Arestian aipatu dudan bezala, programen lizentziak erabili beharrean, programak erabiltzeko lizentziak ordaindu behar badira, programak erabiltzeko eskubidea al da lizentziapean babesten dena? Eskubidea? Noiztik ordaintzen dira eskubideak? Programak erabiltzeko behar duguna, eskubidea edo askatasuna da? Eta askatasun teknologikoa, programa bat erabiltzeko askatasuna, ordaindu egin behar al da? Zentzuzkoa al da? Eta zentzugabea izan arren, bide bakarra al da? Ez al dago programa bat erabiltzeko askatasuna berez eskaintzen duen aukera informatikorik? Derrigorrezkoa al da 517.239,83 euro horretan xahutzea? Zergatik? Zergatik pribatizatzen dute berez publikoa izan beharko lukeen deialdia? Zergatik egiten dute nahi dutena gure diruarekin? EAEko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, azken urteetan bezala, hurrengoetarako ere Microsofti ordaintzeko partida prest izango du bere aurrekontuetan. Noski, gero ikastetxe publikoetako programa informatikoen lizentziak berritzeko deialdi sasipublikoak egin beharko ditu, esleipena, ezinbestean, aurrez emanda dagoenean.

Ikastetxeetako azpiegitura informatikoen inguruko esleipena benetan publikoa izateko, ikastetxe horietako azpiegitura informatikoak, osotasunean, oinarrizko ezaugarri bat bete beharko luke: erabiltzen diren programak kode irekikoak izatea. Eta zergatik? Bada, kasu horretan, nahikoa delako kode hori garatzen edota aldatzen jakitea. Ikastetxe publikoetan erabiltzen diren programak kode irekikoak balira, kode informatiko hori garatzen, aldatzen, egokitzen edo hobetzeen dakien edozein erakundek bere proiektua aurkeztu ahal izango luke. Eta orduan bai, deialdia publikoa izango litzateke (behar bezala funtzionatuko balu, bederen).

Kode irekia da software librearen ezaugarri tekniko nagusia. Eta, beraz, software libreak deialdiaren publikotasuna bermatuko luke. Baina ez da abantaila bakarra. Deialdiaren publikotasun horrek, tokiko industria teknologikoaren sustapena dakar, hemengo eta kanpoko edozein erakundek deialdian parte hartu ahal izango bailuke. Eta, hortaz, enpresa berrien sorkuntza bultzatu, tokiko ezagutza sarea indartu eta, oro har, informatikaren mundua tokian tokiko garapenaren bidean jarriko litzateke.

Eta are gehiago. Software librea erabiltzen hasiz gero, orain EAEko Administrazio Publikoak Microsoftekiko duen mendekotasuna gainditu ahal izango litzateke, hornitzailea hautatzeko askatasuna eskaintzen baitu. Baina... Ez al da administrazio publiko ororen betebeharra herritarrei edozein erakunderekiko neutralak izango diren zerbitzuak eskaintzea? Zerbitzua ematen duen erakundea aldatzeko aukera izan beharko lukete. Onargarria da egiten duten aukeraketa, deialdiak publikotasuna bera ere galtzen duenean?

Software librea da, gainera, euskara eta, oro har, eremu urriko hizkuntzen teknologia. Kodea irekia denean, euskaratzeko libre gara. Ez dugu inoren baimenik behar eta ez lukete «klik egin euskarari» eta antzeko marketin kanpainarik sortu beharko.

Software libreak, beraz, administrazio publikoaz ari garenean, abantaila estrategikoak biltzen ditu bere baitan, tokiko industriaren norabidea alda baitezake. Eta horregatik, hau da, abantailak estrategiakoak direlako, software librea sustatzea edo baztertzea erabaki, politikoa da, erabat, eta ez, teknikoa. EAEko Administrazio Publikoaren politika teknologikoak ere, beraz, teknologiaz kanpoko helburu eta ondorioak ditu.

Noizbait konturatuko gara, eta egingo dugu aurrera, Extremaduran, Brasilen eta beste hamaika kasutan bezala. Noizbait konturatuko gara, eta egingo dugu aurrera, justizia eta askatasun teknologikoaren eta tokian tokiko garapenaren alde.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo