Harri-jasotzea Marka ahalegina
Marijo Sardonek hiru aldiz berdindu du 100eko bola
Urnietakoak beste bi aldiz ere jaso zuen bizkarrera, baina bietan harriak ihes egin zion, eta ez ziren balekoak izan. Hala ere, egindakoa oso handia izan da.
Jon LEUNDA | IRURA
Marijose Sardonek marka berria ezarri zuen atzo Iruran 600 ikusle ingururen aurrean, 100 kiloko bola hiru aldiz berdindu baitzuen bizkarrean, bost minututako txanda bakar batean.
Urnietako harri-jasotzaileak berriro ere lan bikaina egin zuen. Berak bi jasoaldi ematea gustatuko litzaiokeela iragarri zuen aurretik, baina hiru eman zituen, eta beste bi ustel ere egin zituen, nahiz eta harria ia berdinduta zuen, baina bietan ihes egin zion.
63 kiloko bolarekin beharrezko beroketak egin ostean, 100 kilokoari heldu zion. Ederki berdindu zuen, hamabi segundo behar izan baitzituen guztia egiteko. Beharrezko atseden bat hartu ostean, berriro ere harriari heldu eta minutu eta 23 segundotan bigarren jasoa emana zuen.
Atseden berriro ere, baina bere burua ongi ikusten zuen, eta berriro ere harriari heldu eta bizkarrean berdindu zuen. Hirugarren jasoaldia ere egina zuen, baina oraindik denbora asko zuen aurretik txanda amaitu baino lehen, eta urnietarrak gehiago nahi zuen.
Atsedena hartu ostean, berriz ere harriari heldu zion, balantza batzuk egin zizkion gerritik gora, baina bizkarrera ekarri eta berdintzerakoan, balantza egin zuen, eta ezin izan zion baleko jasoaldia eman. Ez zuen etsi, ordea, eta atsedentxoa hartu ostean, berriro harriari heldu zion, eta oraingoa ongi eraman zuen bizkarreraino, baina berdintzera zihoala atzetik ihes egin zion, eta berriro ere ustela egin zuen.
Horrekin batera denbora amaitu egin zen, eta hortxe geratu zen Sardonen marka, hiru aldiz berdindu baitzuen harria, eta hori orain arte emakume batek ez zuen inoiz egin.
Amaieran gustura zegoen egindakorekin, baina bazuen arantza bat ere: «Gustura nago. Helburua marka egitea zen, eta hori lortu dut, eta garrantzitsuena hori da. Hala ere, beste jasoaldi bat ere eman nahi nion, baina ez da posible izan. Harri honekin teknikoa handia behar da, eta uste dut hor egin dudala kale. Baina, orokorrean gustura nago, hiru jasoaldi ongi baitaude», aitortu zuen.
Urte bikaina izan da Marijorentzat. Lau marka berri, eta Euskal Herriko txapela irabazi baiditu: «Ikaragarrizko urtea izan da. Gauza asko lortu ditut, eta ez da erraza izango berriro honelako urte bat errepikatzea. Orain guzti honetaz disfrutatu egin nahi dut. Burua nekatuta dut, eta gozatu egin nahi dut, orain arte ez baitut horretarako tarterik izan, egindako guztia ia dena jarraian izan delako», gehitu zuen.
Marijose Sardonek harri-jasotzeaz gain, judoan ere Estatu espainoleko txapela ere lortu du aurten, eta txingan ere Euskal Herrikoan parte hartzera atera da. Kontuan hartzekoa.
Sardonek urte bikaina egin du. Lau marka berri ezarri ditu azken hilabete hauetan, eta horiez gain, abuztuan emakumezkoen Euskal Herriko txapela jantzi ahal izan zuen.
Urnietarrak ez ditu aurtengo garaipenak harriak jasotzen bakarrik eskuratu, judoan ere bat bereganatu baitu. Horretaz gain, txingetan ere aritu da.