GARA > Idatzia > Kultura > Irrati-telebista

«EuroparlTV», lau kate hogei hizkuntzatan, euskararik gabe

Europar Parlamentuak Internet bidezko telebista egitasmo bat jarri berri du abian, EuroparlTV izenekoa. Helburua herritarrei hogei hizkuntzatan Europar Batasuneko hainbat instituzioren jarduerari buruzko informazioa hurbiltzea da.

GARA | BILBO

Zuzenean edo kartara, eta hogei hizkuntza baino gehiagotan, (euskararen aztarnarik ez, baina), Europar Parlamentuaren Internet bidezko telebista berria, EuroparlTV, abian da pasa den asteazkenaz, 17az geroztik.

Egitasmoa, «munduko garrantzitsuenetarikoa», esan dutenez, profil baxuagoa du errealitatean, ez baita ohiko telebista kateekin lehian arituko; eta pelikula, dokumental, reality show eta futbola eskaini beharrean, Europar Parlamentuko jardueren berri ematera mugatuko da, herritarren interesekoa izan daitekeelakoan.

Beraz, hemendik aurrera, munduko edozein bazterretik ez da Interneteko konexioa besterik beharko Euroganberaren eguneroko jardunean murgildu ahal izateko. Eztabaidak, saioak, plenoak, «isil-gordean» izandako kontuak... Kate berriak instituzioaren errealitatea hurbildu nahi dio herriari, lau kanalen bitartez (Zure Parlamentua, Zure iritzia, Europa Gaztea eta Parlamentua zuzenean). Dagoeneko ikusgai daude, hogeitaka hizkuntzatan. Besteak beste, ingelesez, frantsesez, italianoz, gazteleraz, eta baita gaelikoz, suomieraz, maltesez eta eslovenieraz ere.

Internet bidezko telebista-kate propioa garatzeko egitasmoarekin, Europar Parlamentuak elkartea osatzen duten herritarrek oraindik ere ezezagun duten instituzio baten jarduerak ezagutzera ematea du helburu, Europar Elkarteko kide diren herri batzuetan egiten duten modura.

«Herritarrek Europar instituzioen lanari buruz duten ezagutza oso urria da egun», onartu zuen iragan asteartean kateetako arduradunetako batek, Michael Shackletonek, prentsari egitasmoaren berri aurkeztu zienean. «Parlamentua eta bertako lana ezagutzera emateko tresna ezin hobea izan daiteke telebista kate honen sorrera», gaineratu zuen.

Europarltv izena eman diote egitasmo berritzaileari, eta aurki ikusgai izango da www.europarltv.europa.eu. Internet atarian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo