GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Jipoitua izan ondoren ospitalean hil zen gazte donostiar bat igande goizaldean

GARA |

Larunbatetik igandera arteko gauean Donostia Ospitalean hil zen gazte donostiar bat. Udaltzaingoak kalean larri zaurituta aurkitu eta handik ordu gutxira hil zen. Gertatutakoaren nondik norakoak argitzeko, Ertzaintzaren esku geratu da ikerketa.

Udaltzaingoak adierazi zuenez, igande goizaldeko ordu biak inguruan aurkitu zuten donostiarra. Hiriburuko Gros auzoan bizi zen Asier Elcoroiribe Lerma, eta 35 urte zituen. Gaueko ohiko ibilbidea egiten ari zen Udaltzaingoaren patruila batek aurkitu zuen gazte donostiarra kalean; argitu zutenaren arabera «larriki zaurituta eta bakarrik». Udaltzaingoek azaldu zutenez, «kolpe gogorrak jasan zituela, edo jipoitua izan zela» antzematen zitzaion gazteari. Ertzaintzako iturriek esandakoaren arabera, berriz, «jasan zituen zauriek eraginda, aurpegia odolez beteta zuen». Bertara hurbildu ziren agenteek jakinarazi zutenez, bestetik, Asier Elcoroiribe «zegoen egoeran egon arren, Udaltzainak iritsi zirenean ez zuen konortea galduta, eta norbaitek eraso egin ziola azaldu zien».

Gertatutakoaren aurrean, Udaltzainek larrialdietarako teknikoei deitu eta berehala anbulantzia bat bertaratu zen. Horrela, gaztea Donostia Ospitalera eraman zuten, zauriak sendatu ahal izateko. Alferrikakoak izan ziren, ordea, eritetxean gaztea onik ateratzeko egin zituzten ahaleginak. Goizeko laurak inguruan SOS Deiak-ek gaztearen heriotza egiaztatu zien Udaltzainei.

Horrelako kasuetan egin ohi denez, gaztearen heriotzaren ondoren Ertzaintza arduratu zen igande goizaldean gertatutakoa ikertzeaz. Lehenbiziko datuen arabera, eta oraindik autopsiaren emaitzak zein diren jakiteke, ez zuten baieztatu gazteari heriotza eragin zioten zauriak labanaz edo beste nolabait eginak ziren.

Bestalde, hainbat iturrik aditzera eman dutenez, pasa den igande goizaldean bertan, liskar bat piztu zen gaztea bera bizi zen Gros auzoko hostalaritza lokal batetik hurbil. Gertatutakoa bizi zutenen arabera, liskar horretan, gutxienez, pertsona bat zaurituta suertatu zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo