GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Mikel Irastorza eta Maite Aristegi Nazio Eztabaida Guneko kideak

Nazio gisa aritzeko beharra

Euskaldunoi, abertzaleoi edo eta herrigintzan gabiltzanoi dagokigu gure nazioarenganako dugun erantzukizunari jarraiki, burujabetzara eramango gaituen bidean sakontzea eta nazio eraikuntza lanaren baitan indarrak batzea

Euskal Herriak une zail bezain garrantzitsua bizi du. Nazio bat gara, baina nazio gisa ukatuak gara. Baieztapen horrekin ez dugu gauza berriegirik adierazten, baina funtsean Euskal Herriaren bilakaera eta egungo egoera nazio subjektuaren ukazioan oinarritzen da. Denboran zehar Estatu espainiarra eta frantsesa Euskal Herriaren subjektu politikoa ukatuz eta nazio gisa munduan libre izan gaitezen galaraziz, oztopo ikaragarriak ari zaizkigu jartzen. Nazio gisa bizi dugun zapalkuntzak ez du etenik, Madril eta Paris baitira Euskal Herriari buruz erabaki nagusiak hartzen dituztenak.

Are gehiago, azken garaian euskal nazioa eraiki eta egituratzeko lanarekiko kriminalizazioa eta errepresio bideen sakontzea agerikoa da. Hamarkada honetan egungo esparru juridiko-politikoaren antzutasuna errotuz joan da Euskal Herrian. Agerian geratu da espainiar eta frantses estatuen jokoaren arauen baitan Euskal Herriak ez duela etorkizunik. Horrekin bat, autodeterminazioan eta lurraldetasunean oinarrituriko esparruaren aldaketarekiko masa sozial eta politikoa gorpuztuz joan da. Gaur Euskal Herrian eztabaida politikoa gako nagusi horietan ezartzen da. Euskal Herrian gure nazio eskubideen alde sustaturiko lanak ekarri baikaitu ataka honetara.

Bide batez, autodeterminazio prozesu horretan, nabarmen dezagun nazio eraikuntzak izan duen balio politiko garrantzitsua. Nazio egiten gaituzten zutabe estrategikoetan emandako urratsek euskal nazioaren subjektuaren egituratzean duten garrantzia estrategikoa da. Ezin aipatu gabe utzi Udalbiltzaren sorrera. Euskal Herria instituzionalki egituratzeko eta euskal nazioaren eraikuntza babestu eta bultzatzeko urrats historikoa izan zen aro modernoko gure lehen instituzio nazionalaren sorrera. Udalbiltzarekin batera, hamaika izan dira Euskal Herrian hainbat egitasmotan emandako urratsak: Euskal Curriculuma, Euskal Unibertsitatea, euskararen normalizaziorako plangintza estrategikoak, auzolanerako dinamikak... Funtsean, estatuek nazio gisa noiz aintzatetsiko gaituzten zain egon gabe, subjektu politikoa gorpuzten joatea izan da azken urteetan ehunka eragileren eta milaka lagunon lanaren muina.

Hain zuzen ere, estatuek esan dugun hori guztia ezinezko egitea dute xede. Gogoan dugunez, PPk Euskal Herriarekiko errepresio estrategia gordintzeko erabakia hartu zuen. Eta urteak geroago, PSOE, bide berari eutsi ez ezik, bide horretan urrats kualitatiboak ere ematen ari da. Estatu frantsesak ere norabide horretan urrats kualitatiboak eman ditu azken garaian. Euskal Herriaren nazio ukazioan sakondu eta autodeterminazioa eta lurraldetasuna ardatz dituen aldaketarako gure herrian erroturik dauden aukerak ixtea da euren helburu nagusia. Horretarako gure herrian zilegitasun eta eskubide osoz harturiko erabakien eta emandako urratsen gainetik pasatu behar badute ere. Horretarako eskubideen urraketaren langa ahalik eta goren jarri behar badute ere. Ilegalizazioak, makro epaiketak, sarekadak, espetxeratzeak... testuinguru horretan daude. Hots, Europan nazio burujabe izateko baldintzak indargabetzea eta Euskal Herria estatuen baitan asimilatzea bilatzen dute. Horixe da egun bizi dugun egoera latzaren funtsa.

Eta hain justu ere, 2003an Nazio Eztabaida Gunea sortu zenean, bizi genuen testuingurua nolakoa zen gogorarazi nahi genuke. Orduan ilegalizazio prozesuan pauso berriak eman ziren, Udalbiltzaren kontrako operazioa egin zuten, Euskaldunon Egunkaria ixi zuten... Nazio osoko indar guztiak bildu eta nazio modura pentsatu eta aritzeko premia jarri genuen mahai gainean. Euskal Herri osoa aintzat hartuz, egoera aztertu eta nazio gisa denok ditugun erronkak finkatzeko beharraz aritu ginen. Nazio estrategia abian jartzea deliberatu genuen. Desadostasunen gainetik eta abagune guztien gainetik, Euskal Herriaren biziraupenaren eta garapenaren aldeko ororen bidea urratzen hasi ginen.

Bost urte geroago, eh'08 Nazio Eztabaida parez pare dugu. Testuinguru honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da nazio osoko indarrak biltzea eta nazio gisa aurrera egitea.

Euskal Herrian jokoan dugun auzia nazio subjektuaren onarpena da. Euskal Herria bere buruaren jabe izan dadin esparru politiko berria erdiestea. Euskaldunoi, abertzaleoi edo eta herrigintzan gabiltzanoi dagokigu, gure nazioarekiko dugun erantzukizunari jarraiki, burujabetzara eramango gaituen bidean sakontzea eta nazio eraikuntza lanaren baitan indarrak batzea. Gure nazioa librea izango bada, helburu horren alde gauden guztion elkarlana eta esku hartzea ezinbestekoa delako. Irailaren 25ean Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean egingo dugun aurkezpenak jarriko dio abiapuntua eztabaidari. Horra hor gonbita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo