GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

NBEren armada «humanitarioen» jardunbide izugarri eta lotsagarriak ez dira ohiz kanpokoak

Duela 20 bat urtez geroztik, NBEren bake misioak ugaritu ahala, kasko urdinen gehiegikerien berri jakinarazi izan dute noiz edo noiz hedabideek. Armada gehienetan ohikoa den jardunbide zital hori salbuespen gisa agertu izan da NBEko kasko urdinei dagokienez; hala ere, bortxaketak, emakumezkoen salerosketak eta, batez ere, sexu erasoak, era askotakoak, ez dira kasu bakanak izaten. Baina NBEko arduradunak, salaketa guztiak ikertu eta zigortu beharrean, kasu horietako asko ezkutatzen, eta batzuetan, jakinarazitakoak zuritzen saiatu izan dira, Gasteizkoak kolektibo antimilitaristak txosten batean azaltzen duenez. «Los `ejércitos humanitarios' y la violencia sexista militar» ikaratzeko moduko lana da, eta kasko urdinen gehiegikeria sexualak bildu eta aztertzen ditu, NBEko arduradunak nabarmen utzita. NBEk lan gaitza du bere ustezko prestigioa garbitzeko, hartarako bere egiturak demokratizatu, gatazken trataeran neurtzeko kana desberdinak erabiltzeari utzi, eta aldarrikatzen dituen balioak lehenengo berak bereganatuz. Bitartean, nekez izan liteke giza eskubideen errespetua, justizia eta halako balioak inori eskatzeko arduraduna, bere jardunean horiek hutsaren hurrengoa baitira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo