GARA > Idatzia > > Euskal Herria

AHTren aurkako ekimenetan dabilen gazte bat atxilotu eta jipoitu du Ertzaintzak Ordizian

Astelehen goizaldean gertatu zen gazte urretxuarraren atxiloketa, Ordiziako ingurabidetik bere autoan bakarrik zihoala. Bortizki egin zuten ertzainek haren aurka, kolpatuz, mehatxatuz eta irainduz. Gaur izango du gazteak epaiketa, «agintearen aurka» egitea leporatuta.

p016_f02.jpg

GARA |

Ertzaintzak gazte urretxuar bat jipoitu eta atxilotu zuen Ordizian, pasa den astelehenean. AHTren aurkako mobilizazioetan parte hartzen duten pertsonen aurkako «erasoaldiaren» beste erakusle bat dela esan zuen AHTren kontra diharduen Goierriko herri mugimenduak.

Urretxuarrak gainera horregatik epaiketa bat izango du gaur Tolosako epaitegian. Bihar eta datorren asteartean ere, falta delituengatik beste bi epaiketa izango ditu gazteak, baita AHTren kontrako mobilizazioetan parte hartu duten beste hainbat lagunek ere.

Goizaldean jazo zen atxiloketa, 04.30ean, gaztea Ordiziako ingurabidetik autoz zihoala. Komunikabideei igorritako oharrean azaltzen denez, kalez jantzitako bi poliziak autoz gaztea atzetik jarraitu, eta aparkaleku batean geldiarazi zuten. Ertzaintzaren beste auto bat jada bertan zegoen geldituta. Gazteari autotik irteteko eta kotxeko paperak erakusteko eskatu zioten, eta, adierazitakoaren arabera, «orduan hasi ziren lehen kolpeak, irainak eta mehatxuak».

Gaztea Ertzaintzaren jarreragatik kexatu zenean, lurrera bota, eta eskuburdinak jarriz bortizki atxilotu zutela salatu dute oharraren bidez. Ertzainek, ordea, «beraien aurka egiten ari zela» argudiatuz, Beasaingo komisariara eraman zuten gaztea. Geroago, 06.30 aldera, aske utzi zuten, «agintearen aurka» egitea leporatuta; aurretik, baina, anbulatoriora eraman zuten gaztearen zauriak aztertzeko.

«Ideien zapalkuntza»

AHTren aurkako mugimenduak gogora ekarri ditu azken asteetan Goierriko hainbat gaztek jasandako atxiloketak, isunak, mehatxuak edota erregistroak, eta atxiloketa hau ere, herri mobilizazioetan parte hartzen duten «pertsona zehatz batzuengana zuzenduriko erasoen artean» kokatu du. Herri mugimenduko kideek eraso hauen atzean dagoen «ideien zapalkuntza» salatu dute. Gaineratu dutenez, AHTren obrak hasi eta herritarren mobilizazioa aktibatzen hasi zirenetik, errepresioa areagotzen ari da. Epaiketak direla-eta, Tolosako epaitegian elkarretaratzeko hainbat dei egin dute gaurko, bai biharko eta bai astearterako ere.

epaiketa

«Agintearen aurka jotzea» leporatu diote, eta gazteak gaur izango du epaiketa Tolosako epaitegian. AHTren kontrako Goierriko herri mugimenduak bertan elkarretaratzea egitera deitu ditu herritarrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo