Alokairua sustatu nahian etxebizitza zaharrak konpontzeko diru-laguntzak
Jende guztiarentzat eskuragarriak diren etxe alokatuen merkatua zabaltzeko asmoz, hainbat ekimen garatzen ari dira Ipar Euskal Herrian. Lapurdi hegoaldean diru-laguntzak emanen dituzte botere publikoek.
Idoia ERASO |
Alokairuan dauden etxeen eskasia nabarmena dagoen Ipar Euskal Herrian merkatua zabaltzeko asmoa duten hainbat ekimen sortu dira. Etxe zaharren berritzea diruz lagunduz botere publikoek merkatu horren garapena sustatu nahi dute.
Ahal dena baino gutxiago erabiltzen diren pisuak alokairuen merkatura zabaltzea, hitzartuak eta prezio kontrolatua duten etxebizitzen kopurua handitzea, pertsona helduak ahalik eta denbora gehien beraien etxean bizi ahal izatea eta etxebizitzetako jabeak energia aurrezteko konponketak egitea du xede Hego Euskal Herria herri elkargoaren baitan garatu den egitasmoak. Helburu horiek betetzeko 15 urte baino gehiago dituzten etxeak konpontzeko diru-laguntzak emango dira.
Aurreko urteetan diru-laguntza horien eskaerak izan duen arrakastaren ondorioz bi urteetan 210 etxebizitza konpondu nahi dituzte botere publikoek. Ingurumenaren hobekuntzaren aldeko mugimendua den PACTek Hego Euskal Herria herri elkargoarekin, Kontseilu Orokorrarekin eta herriko etxeekin batera ari da lanean.
Etxebizitzaren premia handia duen Lapurdiko kostaldean 105 alokairu berri sortu nahi dituzte erakundeek. Horietako erdiak behitzat, botere publikoekin hitzartutakoak izatea nahi dute. Hau da, alokairuaren prezioa kontrolatua izatea eta premia duten pertsonei alokatzea. Programaren kudeatzaileek premia duen jendearen kopurua gero eta handiagoa dela nabarmendu nahi izan dute. Beharrezkoak diren produktu eta zerbitzuen prezioen gorakadak guraso langileak dituzten familiak ere premiazko bihurtzen dituela jakinarazi dute.
Diru-laguntzak jasoko dituzten beste 105 etxebizitzak bertan bizi diren ahalmen txikiko jabeenak izango dira.
11 apartamentu Baionan
Baionako herriko etxeak, PACT erakundearekin batera, Espiritu Sainduko auzoan eraikin osoa zaharberrituko du hitzartutako hamaika apartamentu sortzeko. Erakundeak duen birgaikuntza programaren barnean sartuko da Jean Jaures karrikako 22. zenbakian eginen den eraikuntza-lana. PACT izango da eraikina konpontzeaz arduratuko dena, bai teknikoki zein ekonomikoki eta horren ordez egingo den akura kontratuak irauten duen bitartean kudeaketa eramanen du. Programa hori herriko etxeek eta biztanleek eraman dezakete aurrera.
Akitaniako Kontseiluak, halaber, ikasleentzako etxebizitza sozialak sortzeko asmoz, etxe zaharrak konpontzea eta berriak eraikitzea sustatzen duen programa garatu du.
Orotara 210 etxe zahar berritu nahi dituzte botere publikoek bi urtetan Lapurdi hegoaldean. 105 etxebizitza alokairu hitzartukoak bilakatzea nahi dute beharra duen jendeak alokatu ahal izateko.